Frankismo garaian Zumaian euskalgintzan izandako mugimendua jasotzen duen Xirrikituak zabaltzen dokumentala eskaini zuten ostegunean Aita Marin. Zumaiako Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak elkarlanean sortutako ikus entzunezkoa da ostegunean aurkeztu zutena, eta bertan euskalgintzaren gerraosteko memoria biltzea izan dute helburu. 2021ean hasi ziren proiektuarekin, eta ostegunean aurkeztu zuten, Euskararen Astearen barruko ekintza gisa.
Sortzaileen hitzetan, "mugimendu handiko" hamarkadak izan ziren haiek eta arlo bateko zein besteko herritarren lekukotzak jaso nahi izan dituzte: hezkuntza, antzerkia, dantza... Azken urteetan bildutako materialarekin eta aurretik Ahotsak proiektuan jasotako lekukotasunekin osatu dute pieza, eta argazki eta dokumentu zaharrekin ere jantzi dute. Sortzaileen esanetan, "dokumentaziorako ezinbestekoa" izan da Imanol Azkueren laguntza, eta Esti Curiel aktore zumaiarrak jarri dio kontakizunari ahotsa.