Iazko Greba Feminista Orokorretik urtebete igaro dela eta, elkarretaratzea egin dute gaur eguardian Mugimendu Feministak deituta Kofradia parean, "zaintza publiko eta komunitario baten alde" borrokan jarraitzen dutela aldarrikatzeko.
Izan ere, Miren Osa talde horretako kidearen hitzetan, "egoerak ez du hobera egin", Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dietelako kasurik egin herri mugimendu eta gehiengo sindikaletatik eskatutako aldarriei. "Horrek ez du esan nahi amore emango dugunik, borrokan jarraituko baitugu", gehitu du Osak.
Elkarretaratzea baliatu dute, aldi berean, gai horren bueltan Zumaian egiten ari diren ekintzei buruzko informazioa emateko. "Hainbat eragilek elkarlanean orain dela hiru urte abiatu genuen Zaintzen duen Zumaia prozesua, eta hainbat pausoren ostean, oso lanketa konkretu bati ekingo diogu. Basadi auzoan hasiko gara lanketarekin, bertako bizilagunekin elkartuz, zaintza arloan egin daitezkeen aldaketak mahaigaineratuz", azaldu du Maddi Altuna mugimendu feministako kideak.