Luke Uribe-Etxebarria senataria Balenciagaren inguruko auziaz arituko da biharko saioan. Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroari zuzenduko zaio jeltzalea, eta bertan eskatuko dio Cofides estatuko sozietateak berriz azter dezala Astilleros Balenciaga enpresaren berregituraketa eta birfinantzaketa plana onartu ez izanaren erabakia. Izan ere, Cofides da Balenciagaren hartzekodun nagusia, eta plana onartuko ez balu, lantegia ixtea eragin lezake.
Uribe-Etxebarriak azalduko du harentzat ez dela mailegua estatuari itzultzeko epeetan sortu den desadostasuna enpresa ixteko arrazoi nahikoa. Hala azaldu du senatari jeltzaleak: "Ulertezina egiten zaigu zer onura ekar ditzakeen enpresa bat ixteak, etorkizuneko sektore batean, kualifikazio handikoa eta intentsitate industrial, teknologiko eta berritzaile handikoa", adierazi du senatari jeltzaleak. Uribe-Etxebarriaren iritziz, "Balentziaga ontziolak itxiera saihesteko beste lan-karga du, eta behar duen bakarra bere berregituraketa-planean zehazten diren finantzaketa-baldintza batzuk dira, Cofides Estatuko erakundeak harrigarriro baztertu duena".