Abenduaren 14an izango da klarinete laukoteen kontzertu lehiaketa

Maria Maya Manterola 2024ko abe. 2a, 13:30

Abenduaren 10a baino lehen beren abilezia erakutsi beharko dute parte hartu nahi dutenek bideoz. Finalera sailkatzen direnek abenduaren 14an emango dute kontzertua, Zumaienan.

Jada ez da antolatzen Klarinete Maratoirik Zumaian, baina bai instrumentu horri loturiko hainbat jarduera. Horien artean da udazkenean egin ohi den klarinete laukoteen kontzertu lehiaketa. Azaroaren 9an zen egitekoa; bertan behera geratu zen, baina jakinarazi du udalak dagoeneko data berria: abenduaren 14an izango da, 12:00etan Zumaienan.

Parte hartzeko, izena ematearekin batera, klarinetearekin beren abilezia erakutsi beharko dute musikariek. Grabazio bat –gehienez bost minutuko audioa edo bideoa– bidali beharko dute info@sasmusikaelkartea.com helbidera, laukoteko kideen izen-abizen eta kontakturako datuekin batera, abenduaren 10a baino lehen.

21 urte arteko klarinete jotzaileei zuzenduriko lehiaketa da, eta hiru kategoriatan jokatuko da: 8 eta 12 urte bitartekoak, 13 eta 16 urte bitartekoak eta 17tik 21era bitartekoak.

Sari ekonomikoa jasoko du laukote irabazleak, diplomarekin batera. 17-21 urtekoetan, gainera, laukote irabazleak Pariseko Buffet Crampon lantegia bisitatzeko aukera izango du, baita 2025eko udan Zumaiako Nazioarteko Musika Jaialdiaren baitan kontzertu ordaindua eskaintzeko aukera ere.

Sari banaketa jarraian egingo dute, 13:15ak aldera, Oxford aretoan, Sapere Aude Sinfoniettaren lagunak taldeak Max Bruchen 8 Stücke Op.83 obraren pieza batzuk interpretatu ondoren klarinete, txeloa eta pianoaren bertsioan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide