Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, abenduak 3, eta ohi bezala, euskararen aldeko aldarria lau haizetara zabaldu dute Zumaienako eta Herri Eskolako ikasleek. Goizean goizetik hasita izan dituzte egunari lotutako jolasak eta tailerrak bi ikastetxeetan.
Zumaienan, esaterako, Joanita soinu jotzaileak lagunduta, euskal abestiak kantatu dituzte goizean HHko haurrek. LHkoek, irakasle eta familiakoekin batera, Euskal Kantugintzako Jaialdia ospatu dute, eta DBHko ikasleek, berriz, euskarari lotutako lehiaketa jokatu dute goizean. Horrez gainera, Igelak filmaz gozatu dute eguerdi aldera.
Herri Eskolako haurrek goizez zein arratsaldez ospatu dute Euskararen Nazioarteko Eguna. Goizean, karaokea, txalaparta tailerra, batukada tailerra eta soka salto erraldoia egin dituzte; arratsaldean, beste hainbat jolasen artean, zaku lasterketan, sokatiran eta lokotx biltzean ibili dira.
(Argazkiak: Zumaiena ikastetxea eta Zumaiako Herri Eskola)