Arritokietan gora, itsasoari eta Zumaiari begira aurkitzen da Santa Klara baserria. Esnea eta esnekiak ekoizten dituzte, eta Maite Mancisidorrek du orain esne behiak zaintzearen ardura. Haren amak, Ana Mari Eizagirrek, askotariko lanak egiten ditu Santa Klararen bueltan, baina duela hogei urte zabaldu zuten landetxeaz arduratzen da nagusiki. Lanean harrapatu ditu Zumaia Gukak udazkeneko egun batez.
Lanean ari zineten biak. Zertan, zehazki?
Maite Mancisidor: Ni roboteko azken lanak egiten ari nintzen. Behi batzuk orain izan dira ama, eta horiei erakutsi egin behar zaie robotaren mekanismoa.
Ana Mari Eizagirre: Ni turistei gosaria prestatzen ari nintzen.
Zertarako da robota? Nola funtzionatzen du?
M. M.: Robota behiari esnea ateratzeko da, eta bitartean egon zaitezke txahalari biberoia ematen, adibidez. 24 orduan funtzionatzen du. Lehen baserritan seme-alabak zeuden, baina orain pertsona batek edo bik egiten dute lan, eta behiak goizero eta iluntzero jetzi behar izaten dira.
A. M. E.: Baserri batzuetan egunean hirutan ere jeizten dituzte.
M. M.: Bai, egia da. Robota etengabe martxan dagoenez, behia ez duzu behartzen, esaterako, 07:00etan eta 19:00etan jeiztera. Beharra sentitzen duenean gerturatzen da bera robotera, eta esnea ateratzen dio hark. Behiak berak erabakitzen du noiz jan, noiz etzan, noiz irten mendira pasieran eta noiz joan robotera.
Robotik gabe bizi kalitatea eskasa da. Aitaren [Miguel Angel Mancisidor] hileta izan genuenean ere behiak jetzi behar izan genituen. Robotarekin beste era batera antola zaitezke; ez robota lanean utzi eta alde egiteko, beste lan batzuk aurreratzeko baizik.
Banatuta dauzkazue baserriko eta landetxeko lanak?
A. M. E.: Baserriko lanen erreleboa duela bost bat urte hartu zuen Maitek.
M. M.: Bai. Nik lan gehiago egin dut behiekin, eta amak landetxeko kontuetan. Baina badaude lanak nahasten diren momentuak ere: bi enpresa dira, baina ez dugu bata bestea gabe ulertzen.
A. M. E.: Dibertsifikatu egin dugu, bizimodua bide desberdinetatik ateratzeko. 1903. urtetik dauden esne behiak, batetik; eta 2004tik martxan den landetxea, bestetik. Uztailaren 8an bete ditu landetxeak 20 urte.
Nolakoa da egun bat baserrian?
M. M.: Zortez, egun igoalik ez dago. Hori ederra da. Egia da badaudela lan batzuk egunero egin beharrekoak, esaterako, animaliak elikatzea, zaintzea edo beren oheak txukuntzea. Oinarrizko lanak dira horiek, eta berdin du abenduaren 25a, urtarrilaren 1a edo urteko beste edozein egun izanda ere. Baina garaiak desberdintzen ditu egin beharreko lanak: udaberrian eta udan, batik bat, belar lanak egin behar izaten dira; udazkenean sartzean, belar lanak bukatu eta inguruko itxiturak zaindu eta negurako prestatu beharra dago. Ziklo bat da.
A. M. E.: Urrian jaso behar izaten da uzta: intxaurrak, sagarrak... Eta Maitek esan bezala, udazkenean itxiturak-eta pronto utziz gero, udaberrian dena prest daukazu baratze lanetan hasteko. Landetxearekin gauza bera: udazkenean, mugimendua jaisten denean, aprobetxatzen dugu hobekuntzak egiteko.
Animaliak edukita zaila izango da oporrak hartzea, ezta?
M. M.: Robotarekin pertsona bat egin daiteke lan guztiaren kargu. Hori bai, elikaduraz gain, robotak nola funtzionatzen duen jakin behar du pertsona horrek. Hori nik eta ahizpak [Ane Manzisidor] ikasi genuen. Beti esaten dut Coca Colaren ordezkarien gisara jokatzen dugula: inoiz ezin dugu elkarrekin bidaiatu.
Aurten lehen aldiz joan gara urtarrilan ama, ahizpa eta hirurok. Koinatua eta anaia utzi genituen lanean, eta robota ezarri zuen pertsonari ere deitu genion, adi egoteko. Geroz eta gehiago gara robotaren alde egin dugunak, nahiz eta inbertsio ekonomiko handia egin behar den. Zortez, harreman ona dugu geure artean, eta badakigu edozein larrialditarako aldamenean dugula bestea.
Agintariengandik jasotzen al duzue nahikoa babes? Zer sumatzen duzue faltan?
M. M.: Galdetzea. Urkome Urola Kostako landa eremuen garapenaren alde lan egiten duen elkartean parte hartzen du amak; Kaiku eta Harakai kooperatibetan nik. Arauak beharrezkoak dira, baina ez digute galdetzen zer iruditzen zaigun neurri horiek hartzea. Ez dut teknikariak haserretzerik nahi, harreman zuzena daukagulako haiekin, baina ez zaudenean egunero, goizero eta iluntzero baserri batean, gauzak asko galtzen dira. Donostian, adibidez, saguak hiltzeko debekua ezarri dute: oso ondo. Eta robotaren kablea moztu behar badit sagu batek, eta ondorioz, robotak ondo jeizten ez duelako, behi bat errapeko infekzioarekin hiltzen bada, nor da arduraduna? Ni?
A. M. E.: Lege batek ez du balio denerako, eta hori pandemian ikusi zen argi. Donostiarako balio duenak Beizamarako balio al du? Ez. Beizaman hamar kilometroko ibilbidea egin dezakezu inorekin gurutzatu gabe; Donostian etxeko atea zabaldu eta portaleko atera iristerako beste lau bizilagun topatuko dituzu beharbada. Animalistekin ere gauza bera gertatu da. Babestu egin behar dela diote, baina zer da babestu beharrekoa? Duela bi aste erasotu du basurde batek zaborra botatzera zihoan pertsona bat. Autoaren gainera igo behar izan zuen, eta basurdeak haren zakurra akabatu zuen.
Hil honen hasieran aurkeztu zen hemen Flysch Traila, eta Azahara Dominguez Turismo diputatua etorri zen, adibidez. Egun batean etortzera gonbidatu nuen, baina zapatilak jantzita. Bilera bat eskatu digu jada.
"Herrian bertan dauzkagu kalabaza fresko bat, tipula fresko bat, arraina, esnea, haragia..."
Zaila al da etekin ekonomikoa ateratzea herritarrengana heltzeko hainbeste bitartekari edukita?
M. M.: Segun eta norberak produktua nola saldu nahi duen. Gure produktuek esnea eta jogurtaren hartzigarria besterik ez dute; Euskal Herrian hiru ekoizle bakarrik gara horrela lan egiten dugunak. Hori saldu daiteke luxuzko produktu bat bezala. Euskal Herrian jakien kultura bestelakoa da, baina pentsa madrildar batentzat edo Bordeleko herritar batentzat zer den hori: jogurt bat izatea ezer gabe, eta guztiarekin. Hau da, ezer ez diogu kendu, esne oso bat sartu dugu, baina ez dauka ez koloratzailerik, ez esne hautsik, ez kontserbagarririk. Hori zer preziotan saltzen duzu? Berez, saltzen duguna baino askoz ere altuagoan. Gure filosofia, ordea, herritarren elikadura zaintzea da, eta badakigu herritarren ekonomia nolakoa den. Asko saltzearen poderioz ateratzen dugu jornala.
Edozein esneki egiten da gantzak alde batera apartatuta, eta horiekin beste zerbait eginda. Guk ez dugu horrela lan egiten: esnea hartzen dugu osorik, hartzigarriak botatzen dizkiogu, potoetan sartu, eta hori oso-osorik jaten dute bezeroek. Gantzetik datoz bitaminak, naturala da.
Ez gara ohartzen herrian bertan dauzkagula, nahi izanez gero, kalabaza fresko bat, tipula fresko bat, arraina, haragia, esne freskoa... Hori hemen gertatzen da, eta ez dugu baloratzen.
A. M. E.: Dena daukagu hemen, naturan bertan, eta gertu.
M. M.: Kaleko makinan [Marearrota plazan 24 orduz Santa Klarako esnekiak eros daitezkeena] nabarmen nabaritzen dugu turisten gorakada eta eguraldi ona. Zumaiako flyscha betetzen denean jartzen da martxan makina.
Nolatan jarri zenuten zuzeneko salmentako makina?
A. M. E.: Kanpoko jornal bat ekarri behar baduzu, beste gehigarri bat behar duzu. Santa Klarak urte askoan egin du salmenta zuzena, baina landetxea zabaldu genuenean laga egin behar izan genituen ia bezero guztiak. Kalearen eta baserriaren arteko harreman hori salmenta zuzenean dago. Kentzen duzu beste norbaitek eraman dezakeen kostua, eta erosten dizun horrek badaki nondik datorren zure produktua. Donostian, esaterako, ate irekiak egiten dira baserri askotan, interakzio hori egon dadin.
M. M.: Ideietan ni baino pauso bat aurrerago doa ama. Urkomerekin kontaktuan jarri ginen, udalarekin ere bai, eta egia da burokrazia asko egon arren, asko lagundu zigutela bai Urkomekoek eta baita alkateak ere paperak ahalik eta azkarren egiteko. Hala ere, asko atzeratu zen, baina gauza asko izan behar dira kontuan. Lehiaketa ere hor dago, eta hor sartzen zara gainerako ekoizleekin prezioen lehian.
A. M. E.: Zonalde honetan bi gaude esnea eta pasteurizatutako jogurtak salmenta zuzenaren bidez saltzen ditugunak, eta biak gaude harremanetan. Ikastaro bat egiten ari dira nire alaba gazteena eta Xarrondoko semea, eta harreman ona dute.
M. M.: Bi litroko botilak behar genituen duela gutxi, eta hari eskatu nizkion. Jendeak ez du ulertzen produktu berak ekoitzita harreman hori izatea.
A. M. E.: Senarra hil zenean ere, Maitek min hartu zuen, eta Xarrondokoek egin zizkiguten belar bolak. Pertsona da pertsonen beharra, elkarren beharra daukagu.
"Hemen inguruan ikasi
dute santa klaran hiru
emakume gaudela, eta kito"
Baserrian geratzea erabaki zenuen, Maite.
M. M.: Aita ez zebilen ondo, eta Diseinu ikasketak egin nituen. Bihotzekoak jota hil zen aita duela bederatzi urte, kolpean. Praktikak egiten ari nintzen, eta behiak kenduko genituela pentsatu nuen. Tratu batera iristen ari ginen dena kentzeko. Baina nire ahizpak 13 urte zituen, eta esan zuen aitaren behiak ez genituela salduko. Norberaren filosofia eta mina nahasten dira hor.
Ehorzketaren ondoren lanak amaitu behar izan genituen. Anbulantziakoek ere harriduraz begiratzen ziguten, baina esan genien behiak elikatzen amaitu beharra genuela. Hori irentsi egin behar da.
Anek 18 urte egin artean jarraitzeko erabakia hartu genuen. Ni Austriara joan nintzen, frisoi arrazako behiekin ez genbintzalako oso ondo, eta albaitariak gomendatuta. Ni eta hizkuntzak ez gara oso lagunak, baina joan egin nintzen. Ahizpari baldintza jarri nion: zuk esne behiak nahi dituzu, baina nik bizimodu hau ez. Ezin duzu ziatika bat izan edo hilerokoaren minagatik ohean eguna pasatu. Baserrian ez dago bajarik; jendeak hori ez du ulertzen. Ahizpari behiak jeztea asko gustatzen zitzaion, baina robota jartzea erabaki genuen. Nik ez nituen behiak kendu nahi gustatzen ez zitzaizkidalako, baina bizimodu hori ez dakizu nolakoa den probatu arte.
A. M. E.: Jaunartze bat genuenean, adibidez, behiak zaintzera etorri behar izaten genuen. Gonbidatuak mahaian utzi, eta joan egin behar izaten ginen.
M. M.: Nire gurasoen ezkontzan aita berandu iritsi zen elizara, Arritokietara, hogei minutu beranduago, erditze bat zegoelako. Ironikoki, aitaren ehorzketaren egunean, etxera iritsi eta arropaz aldatu ginen bizkor, beste erditze bat zegoelako.
A. M. E.: Azken urrezko ezteietan, koinatarenean, robota konpontzen ibiltzen denari esan genion ez genuela egun horretan lanik egin nahi. Hilero ordiantzen dugu zerbitzua, eta esan genion egun horretan edozer zela ere, bera adi egoteko. Urrezko ezteiak ez ziren Txinan, Zumaian ziren.
Sektorea nahiko maskulinizatua da. Gehiengoa gizonezkoa da parte hartzen duzuen kooperatibetan?
M. M.: Lehen sektorea patriarkala da. Zortez, Euskal Herrian, Galizian eta Kantabrian [Espainia] emakumeek parte hartze handiagoa dute. Nik zorte handia izan dut gurasoekin. Lau anai-arreba gara, bakoitzak bere gustuak ditu, baina laurok ikasi dugu kozinatzen, lisatzen, makinaria erabiltzen edo garbigailua jartzen, berdin, eta lau hamarkadatakoak gara. Auzoan errespetua dugu eta baloratzen gaituzte, baina aurrekoan, adibidez, teknikari bat etorri zen esanez nire anaiari deitu behar ziola. "Anaiari, zertarako?", esan nion. Baserrian ama, ahizpa eta hirurok geuden; gurekin hitz egin behar zuen.
Hemen bueltan ikasi dute Santa Klaran hiru emakumezko gaudela, eta kito. Baina ezagutzen ez gaituztenei oraindik kostatu egiten zaie ulertzea. "Noizko gizonezko bat?", galdetu izan didate. Ez dakit niri hori zergatik galdetzen didaten, baina beno... Nik neuk erabiltzen dut makinaria.
A. M. E.: Motozerrarekin orain semea ari da, arratsaldean nik neuk jarraituko dut. Amak egiten ditu lan horiek normalean.
Aurrerantzean ere Santa Klaran jarraituko duzue?
M. M.: Bai, baserrian geratuko gara.