Arretaz ibiltzea eskatu die udalak herritarrei asteburuko itsas denboralea dela-eta

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 5a, 17:51

Zumaiako barra itxita. (Zumaiako Udala)

Datorren asteburuan olatu handiak izango direla aurreikusi dute. Hori dela-eta, abixu horia eta laranja ezarri dute asteburuko une batzuetarako. 

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du astebururako. Larunbatean, eguerdiko 12:00etatik gauerdira arte izango da neurria indarrean, bost metroko altuerako olatuak espero direlako zapatuko bigarren erdian. Aldi berean, abisu horiak ere aktibatuko ditu kostaldeko inpaktuagatik (12:00etatik 24:00etara bitartean), elurragatik barnealdean (18:00etatik 24:00etara bitartean), eurijasa iraunkorrengatik Kantauriko isurialdean (12:00etatik 24:00etara bitartean) eta haizeagatik Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan (09:00etatik 24:00etara bitartean), bereziki itsasertzean.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, neguko lehenengo denboralea izango da, eta prezipitazio ugariak, iparraldeko haize gogorra, itsaso zakarra, hotza eta mendialdeetan elur ugari ekarriko ditu.

Horren aurrean, Zumaiako Udalak arretaz ibiltzea eskatu die herritarrei. Hala, parolmuturra bihartik itxita egongo da, olatu handiek sortu ditzaketen arriskuak saihesteko. Itsaso inguruko bestelako eremuetan ere arretaz jokatzea eskatu du, baita ere. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide