Zumaiako hamabost odol emailek aitortza jasoko dute ostiral honetan, 19:00etan, Hogarreko bigarren solairuan egingo den ekitaldian. Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak urtero omentzen ditu, intsignekin eta diplomekin, 25 bider edo gehiagotan odola eman duten herritarrak, eta horrela egingo du aurten ere.
Hori hala, ostiraleko ekitaldian hamabost zumaiar izango dira protagonistak: horietatik hamarrek zilarrezko domina jasoko dute 25 odol emate egiteagatik, eta beste bostek urrezkoa, emakumeen kasuan 40 ateratzegatik eta gizonezkoen kasuan 50 odol emate egiteagatik.
Datorren urteko odol ateraldiak
Urtea amaierara heltzen ari den honetan, 2025eko odol ateraldien berri ere eman du Zumaiako Odol Emaileen Elkarteak: hain zuzen ere, urtarrilaren 8an, martxoaren 12an, maiatzaren 14an, uztailaren 9an, irailaren 10ean eta azaroaren 12an jarri dituzte hitzorduak.