Garaipena beharrezkoa dute Barandikak eta Lopezek Winter Serieseko finalerdietan egon nahi badute

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 9a, 10:30

Imanol Lopez eta Xabier Barandika azaroaren 11n jokatu duten partidako une batean. (Eraman!)

Gernikarra eta zumaiarra Laduche eta Manciren aurka neurtuko dira Gernikan jokatzen ari diren Winter Series txapelketako zazpigarren jardunaldian. Norgehiagoka ETB1ek emango du 21:45etik aurrera. 

Gernikan jokatzen ari diren Winter Series txapelketako zazpigarren jardunaldia jokatuko dute gaur arratsaldez. Bertan, Xabier Barandika eta Imanol Lopez zumaiarra Laduche eta Manciren aurka arituko dira. 19:30ean hasiko da partida, eta ETB1ek emango du, aurrez grabatuta, 21:45etik aurrera.

Garrantzia handiko partida da bi bikoteentzako, irabazi beharrekoa, txapelketako finalerdietan egon nahi badute. Urreisti-Gorka, Erkiaga-Ibarluzea eta Urrutia-Basque dagoeneko sailkatuta daude finalerdietarako, eta txartel bakarraren borrokan izango dira hiru bikote: Laduche-Manci, Barandika-Lopez eta Goitia-Del Rio bikoteak. Olharan-Zabala eta Johan-Lekerika bikoteak jada jokoz kanpo geratu dira. 

Hiru bikoteek Urreisti eta Gorkaren aurka jokatu dute, eta hirurak galtzaile suertatu ziren beraien partidetan. Goitia-Del Rio eta Laduche-Manci bikoteek puntu bana dute beraien partidetan joko bana egin ondoren; Barandikak eta Lopezek, berriz, hutsean dute markagailua. Horregatik, joko eta tanto bakoitza erabakigarria suertatu daiteke. Hala, beraien arteko partidetan lortzen dituzten emaitzek erabakiko dute txapelketako finalerdietarako sailkapena.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide