Zuhaitzak errotik aterata eta Itzurungo kantinako panelak hautsita, asteburuan izandako denboralearen eragina herrian

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 9a, 11:12

Gogor astindu du denboraleak euskal kostaldea, eta Zumaian ere kalteak eragin ditu. Haizeteek zuhaitzak bota dituzte herriko leku batzuetan, eta Itzurungo kantinako panelak ere hautsi dituzte.

Euskalmeten eta Eusko Jaurlaritzaren iragarpenek ez dute hutsik egin. Pasa den astebururako abixu laranja ezarri zuten itsasoak, euri jasa handiek eta haize bolada bortitzek eragin zezaketen kalteengatik, eta hala gertatu da. Negu giroa izan da azken egunotan Zumaian.

Ostiraletik paol muturra itxi egin zuten gerta zitezkeen edozein arrisku egoera ekiditeko. Izan ere, bospasei metroko olatuak egongo zirela iragarri zuten. Hesiaren bestaldetik bada ere, olatuen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek zein zubian Zumaia hurreratu direnek. 

Denboraleak kalteak ere eragin ditu herrian zehar. Hala, bai hiriguneko, bai auzoetako zenbait zuhaitz errotik atera dituzte haizeteek. Itzurunen, berriz, kantinako panelak hautsi zituzten haize bolada bortitzek. Udaltzaingoaren arabera, hainbat trafiko seinale ere bota ditu haizeak.

Argazkiak: Zumaiako Udaltzaingoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide