Zumaian ostiralean banatuko ditu aldundiak 2025erako prestatu duen egutegiaren aleak

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 9a, 17:48

2025eko egutegia osatzeko argazki lehiaketaren sari banaketa. (GFA)

Herritarrek Amaia plazan eskuratu ahal izango dute foru egutegia, 17:00etatik 18:00etara.

Gipuzkoako Foru Aldundiak prest dauka 2025eko egutegia, eta lehen aldiz, lurraldeko udalerri guztietara iritsiko da foru egutegiaren banaketa, baita Urola Kostakoetara ere. Gipuzkoa 1.000 urte leloarekin osatu du erakundeak datorren urterako egutegia eta lelo berarekin deitu zuen egutegia osatzeko argazki lehiaketa ere, "Gipuzkoaren lehen aipamen dokumentalari omenaldia" eginez eta "gipuzkoarrei lurraldearen iraganari, orainari eta etorkizunari buruz duten ikuspegia islatzera gonbidatuz".

Egutegiaren 40.000 ale inprimatu ditu aldundiak eta horiek "udalerri bakoitzeko biztanleriaren arabera" banatzea da erakundearen asmoa. "Gainera, egutegia Gipuzkoako foru eraikinetan eta egoitzetan egongo da eskuragarri. Bederatzi egunez, bi furgonetak lurraldea zeharkatuko dute, banaketa bermatzeko", azaldu du.

Asteburu honetan iritsiko da aipatu furgoneta Urola Kostako herrietara. Zumaian, herritarrek Amaia plazan eskuratu ahal izango dute foru egutegia ostiralean, abenduak 13, 17:00etatik 18:00etara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide