Lizarran antolatu duten AFTELAE argazki rallyan sarituak izan dira Zumaiako Distira argazki elkarteko bi kide, Sonia Alvarez eta Ivan Rodriguez, hain zuzen ere. Lehenak aurkeztutako bilduma jaso ditu puntu gehien eta, ondorioz, berak irabazi du lehiaketako sari nagusia.
Bost probaz osatu da lehiaketa. Batetik, argazkilari ezagunen esaldien inguruan atera behar zituzten parte hartzaileek irudiak. Aipatu argazkilariak Trent Parke, Elliott Erwitt, David Lachapelle eta Robert Capa izan dira. Horrez gain, lehiaketaren antolakuntzan parte hartu duen Karlismoaren Museoak proposatutako gaiaren inguruko bosgarren argazki bat atera behar zuten.
Montxo Alfonso Gonzalezek, Puy Iglesias Poceirok eta Mapi Aramendia Camprubik osatu dute epaimahaia, eta haien iritziz Alvarezena izan da bildumarik onena.
Distirako beste bazkide bat ere saritu dute Lizarrako argazki rallyan, izan ere, Ivan Rodriguezena izan da Elliott Erwitten esaldiaren inguruan ateratako argazkirik onena.
Saritutako lanak, eta antolatzaileek aukeratutako beste batzuk abenduaren 22ra arte ikusi ahal izango dira Karlismoaren Museoko gela batean.