Osasun publikoaren alde elkartuko dira etzi osasun zentroaren parean

Maria Maya Manterola 2024ko abe. 11a, 09:00

Azaroko elkarretaratzea. (Juan Luis Romatet)

Amara Berriko Etengabeko Arreta Gunea itxi dutela salatu dute, eta Zarauzkoa ere "kolokan" dagoela jakinarazi. Zumaiako eta inguruko herrietako biztanleak deitu dituzte ostiraleko elkarretaratzean parte hartzera.

Zuopa Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko plataformak bere aldarrikapenak plazaratzen jarraituko du hil honetan ere. Izan ere, salatu dute berdin jarraitzen duela anbulatorioko egoerak: gaur gaurkoz, lau mediku eta bi pediatra daude lanean, eta Gabonetan oporrak direla eta, gutxiago izan daitezkeela ere uste dute. 

Amara Berriko EAG itxi egingo dutela ere jakin berri du Zuopak, eta "onartezina" da itxiera, azaldu dutenez: "Lehen arreta lanean ez dagoenean Etengabeko Arreta Guneetan artatzen dira osasun arazo larriak ez dituzten pazienteak". Gaineratu dute Zarauzko EAGren egoera ere "kolokan" dagoela. 

Zumaiako eta inguruko biztanleak osasun publikoaren alde mobilizatzera deitu dituzte. Etzi egingo dute elkarretaratzea, ostiralean, 12:00etan osasun zentroaren parean. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide