Kontrol mental ikastaroa antolatu du Udaleko Kultura Sailak datozen urtarrilerako eta otsailerako. Foronda kultur etxean emango dute, eta sei saioz osatuko da: urtarrilean 23an eta 30ean emango da, eta otsailean 6an, 13an, 20an eta 27an. Ostegunetan izango dira saioak, 18:30etik 20:00etara.
Antolatzaileen arabera, Silva metodologian oinarritutako ikastaroa izango da. Metodo horren bidez, modu kontrolatuan erlaxatzen ikasiko dute parte hartzaileek, lo egiten, esna egoten, memorizatzeko gakoak izaten edota burukominak ekiditen. Irakasleak teknikak erraztuko ditu eta parte-hartzaile bakoitzak lan pertsonala egin beharko du. Erlaxazio saioak lurrean egingo direnez, arropa erosoa eta babestua eramatea gomendatzen dute antolatzaileek.
Ikastaro horretarako izen ematea datorren astelehenean, hilaren 16an zabalduko dute, eta hilabete beranduago itxiko dute, urtarrilaren 16an. Alondegia kultur etxean eman daiteke izena, 9:30etik 14:00etara bitartean, telefonoz 943-86 10 56 telefono zenbakira deituta, edo posta elektroniko bidez alondegia@zumaia.eus helbidera idatzita.