Frankismoaren aurkako borrokan hildako beste bost zumaiarren izenak gehituko dizkiote Gernika parkeko monolitoari

Juan Luis Romatet 2024ko abenduaren 11

Duela urtebete jarri zuten altxamendu faxistaren aurkako borrokan hildako zumaiarren izenak jasotzen dituen oroigarria. (Maria Maya Manterola)

Ekitaldia antolatu du udalak larunbat eguerdirako faxismoaren aurkako borroka omentzeko, eta aipatutako bost herritar hauen familiartekoak izango dira bertan. 

Faxismoaren aurkako borrokan hildako herritarren izenak daramatzan monolitoa jarri zuen Zumaiako Udalak duela urtebete Gernika parkean, lehen Gernikako arbola zegoen lekuan. 1936ko altxamenduaren ondoren faxistek fusilatu zituzten zumaiarren, eta frankismoaren aurkako borrokan hildakoen izenak bildu zituen udalak oroigarri honetan. 

Monolito hartan jasotako izenei beste bost gehituko dizkiete orain. Faxismoaren aurkako borrokan hildako beste bost zumaiarren izenak egiaztatu ditu Aranzadi zientzia elkarteak, eta horiek gehituko dizkiote oroigarriari. Hala, udalak azaldu duenez, "faxismoaren aurkako borrokan hildako guztien memoria kolektiboa sendotzen jarraitu nahi du udalak, herriko eragileekin eta herritarrekin batera. Oroitzapen honek, gainera, faxismoaren aurkako borroka eta justizia historikoa aldarrikatzen ditu".

Horretarako, ekitaldia antolatu du Zumaiako Udalak datorren larunbaterako, "faximoaren aurkako borroka omentzeko". Eguerdiko 12:00etan egingo dute, eta aipatu bost herritar hauen familiartekoak izango dira bertan. Herritar oro ere gonbidatu ditu udalak ekitaldi honetara. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide