Desfibrilagailua jarri dute Zumaiako Mutiozabal farmazian

Julene Frantzesena

Zumaiako Mutiozabal botika barruan jarri duten desfibrilagailua. (Juan Luis Romatet)

Kardiobabestutako Farmazien Gipuzkoako Sarera batu berri dira 22 farmazia, tartean Zumaiako Mutiozabal. Eskualdeko beste lau botikak ere parte hartuko dute ekimenean. Farmazia horietan, gainera, bihotz biriken gelditzeen aurrean lehen arreta eskaintzeko formazioa jaso duten profesionalak izango dira aurrerantzean.

Kardiobabestutako Farmazien Gipuzkoako Sarera batu berri dira 22 farmazia, tartean Getariako Fuldainen, Zumaiako Mutiozabalen eta Zarauzko Iñaki Zulaika, Marta Gaminde eta Itziar Redondon. Gipuzkoako Farmazialarien Eskola Ofizialak sustatu du egitasmoa, eta farmazia horietan desfibrilagailuak eta lehen arreta eskaintzeko formazioa jaso duten profesionalak izango dira aurrerantzean. Hain zuzen ere, bihotz biriken gelditzeen aurrean berehalako erantzuna emateko asmoz jarri dute sarea martxan.

Eskualdeko farmazia horiez gain, Donostiako, Pasaiako, Oiartzungo eta Tolosako hainbat sartu dira sarean. Beraz, horietan ere jarri dituzte desfibrilagailuak eta lehen sorospen zerbitzua eskaintzeko formazioa jaso dute 93 farmazialarik. Sarean sartu diren farmazien atarietan berezigarriak jarri dituzte, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren desfibrilagailuen mapan ere sartuko dituzte.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide