Astelehenean zabalduko da Uxategiko eta Ubilloseko entsegu lokalak erabiltzeko eskaera epea

Maria Maya Manterola 2024ko abe. 13a, 09:30

Datorren urtean lokal horiek erabiltzeko ezinbestekoa da izena ematea, baita aurtengo erabiltzaileek ere. Astelehenetik hilaren 29ra bitartean egin beharko da eskaera.

Zumaiako musika taldeek edo bakarlariek erabili ditzaketen zortzi entsegu lokal ditu Zumaiako Udalak. Horietatik bost Uxategian daude eta beste hirurak Ubilloseko atzealdean. Dardara musika kolektiboak kudeatzen ditu lokal horiek udalarekin sinatutako hitzarmen bati esker.

Akordioaren arabera, lokalen lagapena urtero berritu behar da. Lokal hauek erabili nahi dituzten taldeek izena eman behar dute, baita gaur egun erabiltzen ari direnek ere. Lagapenak urte bateko iraupena du.

Lokalak herriko taldeentzat dira. Hala, gutxienez taldekideen erdiak Zumaian erroldatuta egon beharko dute. Kasu guztietan, erabili ahal izateko Dardara kolektiboko kide izan beharko dute taldekideek.

Interesdunek hilaren 16tik (astelehena) 29ra bitartean eman beharko dute izena. Uxategiko lokalen kasuan, taldekide bakoitzak 50 euroko kuota ordaindu beharko du; Ubillosi dagokionez, 25 euro ordainduko dituzte aseguruarekin, eta 10 asegururik gabe. Izena ematerako orduan kuota ordaindu denaren ziurtagiria aurkeztuko da.

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

  • Izen-emate orria behar bezala beteta.
  • Taldekideen nortasun agirien fotokopiak (eskaera berrien kasuan).
  • Lokaletan egongo den materialaren inbentarioa (argazkiekin) eta balioa.
  • Dardararen kontu korrontean kuota ordaindu izanaren agiria.

Izena Alondegia kultur etxeko bulegoetan (lehen solairuan) emango dute, 9:00etatik 14:00etara bitartean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide