Francoren altxamendu faxistaren aurkako borrokan hildako zumaiarren oroimenezko monolitoa jarri zuten duela urtebete Gernika parkean, Gernikako arbola zegoen lekuan bertan. Hura erakuskeko ekitaldi jendetsua egin zuten 2023. urte amaieran. Orduan, 34 lagunen izenak grabatu zituzten oroigarran. Orain, beste bost zumaiarren izenak gehitu dizkiote eta haien memoria omentzeko ekitaldi xumea egin zuten larunbatean.
Eguraldi goibelarekin eta euri arriskuarekin egin zen ekitaldian izan ziren oroigarrira gehitutako bost zumaiar hauen familiartekoak, alderdi politikoetako ordezkariak, baita herritar batzuk ere. Faxismoa borrokatzen hildako herritar hauen omenez aurreskua dantzatu zuten ekitaldiaren hasieran.
Jarraian, Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak hartu zuen hitza. Gogoratu zuen oroigarrian jasotzen diren herritarrak bakarrik ez, zumaiar gehiago ere hil zirela gerra zibilean. «Aranzadi zientzia elkarteak ezarritako parametroak betetzen zituzten zumaiarren izenak jarri genituen orduan oroigarrian. Aurten parametro horiek betetzen dituzten beste bost herritarren izenak identifikatu ditu Aranzadik, eta monolitoan inskribatu ditugu haien izenak». Gerran hildako zumaiar gehiagoren izenak identifikatzen badituzte oroigarrian jarriko dituztela ere adierazi duen Ostolazak, memoriako gune bizia bihurtuz. Haien omenezko ekitaldia ere bihurtu zen larunbatekoa.
Oroigarriaren aurrean loreak uztera gonbidatu zituen jarraian Ostolazak ekitaldira bertaratu ziren lagunak. Omenduen familiartekoek izan zuten beraien errespetua adierazteko aukera. Lore eskaintzaren aurretik eta ondoren abesti bana kantatu zuen Agustin Zubimendi zumaiarrak. Denek batera Agur jaunak abestuz eman zioten amaiera ekitaldiari.