Behin Pariseko Olinpiar Jokoak igarota, ziklo olinpiko berria hasiko dute kirol modalitate desberdinetan. Eskubaloian ere hala gertatuko da, eta horren adibide da aurten Danimarkan, Norvegian eta Kroazian jokatuko duten gizonezkoen Munduko txapelketarako berrikuntza askoko aurre aukeraketa egin duela Jordi Ribera Espainiako eskubaloi selekzioko hautatzaileak. Berrikuntzak izanda ere, hutsik egin ez duena Kauldi Odriozola Nantes klubeko jokalari zumaiarra da.
Urtarrilaren 2tik 12ra bitartean, Munduko txapelketa prestatzeko hitzordua jarri du Espainiako eskubaloi federazioak. Castelló de la Planan (Herrialde Katalanak) jokatuko dute Espaniako Nazioarteko Torneoa, eta han izango diren partidetan egindako lanaren arabera erabakiko du zer jokalari eramango dituen Riberak Munduko txapelketara. Hasiera batean, hemezortzi jokalari deitu ditu torneo honetara, eta horien artean da Odriozola.
Sei selekziok hartuko dute parte prestatze saio hauetan. Espainiako selekzioaz gain, Munduko txapelketan izango diren Norvegia, Egipto eta Argentinak, eta txapelketatik kanpo geratu ziren baina azken urteotan hobekuntza nabarmena izaten ari diren Eslovakiak eta Errumaniak hartu dute parte bertan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!