'La sustancia' filma emango dute ostegunean zine forum saioan

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 17a, 14:29

Margaret Qualley eta Demi Moore aktore dituen filma aukeratu du Ostarrena zine klubak urteko azken saiorako. 

Coralie Fargeat zinemagile frantziarrak zuzendutako La sustancia filma emango du Ostarrena zine klubak ostegunean zine forum saioan. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrerak Aita Mari aretoko leihatilan izango dira salgai, 5 euroan.

Zumaian etzi ikusi ahal izango den Coralie Fargeat zinemagile frantsesaren bigarren film luzea da; gaztetasuna bilatzen duen emakume bati buruzko beldurrezko istorioa. Margaret Qualley, Demi Moore eta Dennis Quaid aktoreak izan ditu bere agindutara.

Filmak aurtengo Canneseko jaialdian izan zuen estreinaldia, eta gidoi onenaren saria jaso zuen. Hilabete batzuk geroago Donostiako Zinemaldian ere programatu zuten.

Sinopsia

Elizabeth Sparkle Oscar bat irabazi duen aktorea da, Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan izar bat du, eta garai batean film guztietako protagonista zen. Egun, 50 urteak pasatuta, telebistako fitness programa bateko aurkezlea da. Harvey telebista katearen ekoizlearentzat, ordea, Sparkle zaharregia da, eta gazteagoa den neska baten bila dabil ikusle berriak erakartzeko. 

Elizabethek auto istripu larri bat izango du, baina onik aterako da. Orduantxe jasoko du desesperazioz onartuko duen proposamena: norberaren bertsio hobea lortzeko aukera ematen duen substantzia. Edabe misteriotsu hori injektatuz, gazteagoa, ederragoa eta perfektuagoa den Elizabethen bertsio bat sortuko da, eta jatorrizkoarekin partekatu beharko du bizitza, astero txandakatuz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide