Zumaiarren doinuak

Evelio Perezen doinuak

Erredakzioa 2025ko urt. 1a, 09:00

Atal honetan agertutako herritar guztiak bezala, musikazale porrokatua da Evelio Perez. Donostian antolatu duten Lindy Hop Jaialdia antolatzen ere aritu izan da azken urteotan. Ondorengo bost abesti hauek aukeratu ditu atal honetarako.

1. MGMT: Time to pretend

Abesti hau Galwayen (Irlanda) nengoenean entzuten nuen eta flipatu egiten nuen. Gaztaroari egindako oda, joandako denboraren nostalgia edo jai egunen amaiera gogorarazten dizkit. Soinu psikodeliko hipnotikoa du, gainera. 

2. Nudozurdo: Ha sido divertido

Txundituta naukate hauen letra oinazetsuek. Postpunk iberikoa, unibertso lisergiko batera eramatea beste asmorik gabekoa. Madrildar hauek ez naute inoiz nekatzen, eta hurbiltzen diren bakoitzean, haiek ikustera joaten naiz. 

3. Miles Davis: So what

Whisky on bati laguntzeko benetako harribitxi ezin hobea. Jazz modernoaren kanonak hankaz gora jarri zituen inprobisazio miraria. Zoragarria benetan.

4. Sufjan Stevens: Should have known better

Ez nuke jakingo esaten abesti honek zer nolako bakea ematen didan. Delikatutasunaren adibidea da. Ñabardura konplexuak garatzen ditu formaturik gordinenera itzulita, eta hori sinestezina egiten zait. Ezinbestekoa.

5. Big Thief: Shark smile

Brooklyngo banda honekin haluzinatu egiten dut. Adrianne Lenkerrek kantatzerakoan zuen soiltasunak eta bandaren buru izatean zuen indarrak liluratu egiten naute. Hemen gehiagotan ikusteko aukera izango bagenu...

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide