Musika gaztetxotatik gustatu izan zait, baina batez ere azken urteotan gehiago hurbildu natzaio. Asko maite dut kontzertuetara joatea, pintxadak, etab. Azken aldian instrumentu batekin ere banabil jolasean eta lagun batzuekin elkartzen naiz noizean behin elkarrekin jotzeko.
Zaila da bost kanta konkretu aukeratzea, beraz, nahiko randomki aukeratuko ditut, ezinezkoa iruditzen baitzait nire bizitzako bost abesti esanguratsuenak espezifikatzea.
1. Amyl and The Sniffers: Security
Duela urte gutxi ezagutu nuen talde zoragarri hau. Segituan maitemindu nintzen, batez ere abeslaria, Amy Taylor, lotsagabe hutsa delako. Abeslari perfektua punk rock talde baterako. Kanta hau aukeratu dut, baina egia esan beren lan osoa izugarri ona iruditzen zait.
2. Gata Cattana: La Prueba
Duela bi urte eta erdi lagunik onenetako bat galdu nuen. Feminismoan militatzen ezagutu genuen elkar, unibertsitatean genbiltzanean. Oroitzapen asko ditut berarekin, milaka parranda, bilera, momentu intimoak… Azken batean odol ezberdineko ahizpak ginen. Berarekin deskubritu nuen Gata Cattana abeslaria. Ana Isabel Garcia Llorente (izen artistikoz Gata Cattana), nire lagun Haizea bezala, artista eta poeta izan zen eta hark ere gazterik galdu zuen bizia, gazteegi. Abesti honek lotura zuzena du nire lagun Haizearekin eta horregatik niretzat oso berezia da.
3. Bikini Kill: Rebel girl
Duela hiru urte igo nintzen lehenengo aldiz musika kontzertu bat ematera oholtza baten gainera, Zumaiako Txosnetako bertsio gauean. Oso berezia izan zen, taldekide guztiok oso urduri geunden baina aldi berean guztiz hunkigarria izan zen. Abesti hau bertsionatu genuen besteak beste eta kariñoa diot.
4. Cock Sparrer: Because You're Young
15 edo 16 urterekin hasi ginen kontzertuetara joatean, institutuan geundenean. Cock Sparrer asko entzuten genuen (gure MP3 eta disko grabatuetan, jajaja) eta gogoan dut lehenengo aldiz zuzenean ikusi nituenean emozionatu egin nintzela. Oraindik gustura ikusten ditut euren kontzertuak, azken aldiz Mondra’n’roll festibalean.
5. R.I.P.: Mundo muerto
Esango nuke hau izan zela baxu elektrikoarekin jotzen ikasi nuen lehen kanta. R.I.P. asko gustatzen zait, eta temazo asko dituen arren, abesti hau aukeratu dut, oroitzapen politak ekartzen dizkidalako.