Distira elkarteko bazkideen lanak ikusgai daude Oxforden

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 18a, 14:30

Herritarrak erakusketa ikusten. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako argazki elkarteak erakusketa kolektiboa zabaldu du Alondegiko aretoan. Distirako hamasei bazkideren lanak ikus daitezke han urte amaierara bitartean.

Distira Zumaiako argazki elkarteak askotariko jarduerak antolatu ohi ditu urtean zehar, izan elkarte barruko lehiaketa sozialak, izan zuri-beltzeko argazkien lehiaketa edo Olagarro Egunarekin batera irailean egiten duten argazki rallya. Urte amaierarekin batera, eta bazkideentzako opari gisa, elkarteko kideen erakusketa kolektiboa egiten dute Alondegiko Oxford aretoan. Hala, Distirako argazkilariek ateratzen dituzten lanak ikusgai jartzen dituzte herrikideentzako.

Duela astebete, abenduaren 12an, zabaldu zuten aurtengo erakusketa. Distirak gaur egun dituen 22 bazkideetatik hamaseik aurkeztu dituzte beren lanak bildumarako. Antolatzen dituzten beste lehiaketetan ez bezala, kasu honetan gai librea izan dute argazkilariek, eta norberak nahi duenaren inguruko irudiak atera ahal izan dituela adierazi zuen erakusketaren irekieran ordura arte Distirako presidente zen Ana Alkortak (egunean bertan egin zuten presidente berria aukeratzeko batzarra).

Bazkide bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izan du, eta antolatzaileen esanetan, ez dute zertan erakusketarako espresuki sortutako lanak izan beharrik; Oxfordeko hormetan badaude aurretik erakutsitakoak, baita lehiaketaren batean edo bestean saritutakoak ere. "Esango nuke gehienak aurrez erakutsitakoak direla", adierazi zuen presidente ohiak. Herritarren aurrean erakutsi nahi duten lana aukeratzea erraza izan al den galdetuta, batzuek zaila egin zaiela onartu dute, urtean zehar irudi asko ateratzen dituztelako. "Lan hauek aurkeztu dituzte, bazkide bakoitzaren ustez ederrenak direlako, kolorearen erabilera egokia dutelako, edo beste arrazoien batzuengatik", gaineratu zuen Alkortak. 

Estudioari probetxua

Horrenbestez, denetariko argazkiak ikus daitezke erakusketan: paisaiak, animalien irudiak, gauekoak, zuri-beltzekoak zein koloretakoak, light painting teknika erabiliz eta argiarekin jokatuz ateratako irudi bitxia, baina baita erretratuak ere. Izan ere, Eva Franco argazkilariak txalotu zuenez, azken urteetan baino erretratu gehiago ikus daitezke aurtengo bilduman. Haren ustez, igarri da gero eta bazkide gehiagok erabiltzen dutela Foronda kultur etxean dagoen argazki estudioa. Horrela, argiarekin eta itzalekin jokatuz, beste era bateko lanak sortzeko eta erakusteko aukera izan dute. Francoren iritziz, datozen urteetan oraindik eta gehiago erabiliko dute estudioa argazkiak ateratzeko. 

Erakusketa abenduaren 31ra arte izango da ikusgai Alondegiko Oxford aretoan; egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide