Musika munduan aritzen diren taldeak ere kaltetu zituen urriaren amaieran Valentzian (Herrialde Katalanak) izan ziren uholdeek. Kaltetuenetako bat Paiporta herriko La Primitiva musika banda izan zen, eta hari laguntza eskaintzeko kontzertu solidarioa izango da igande eguerdian Zumaian.
Joxe Mari Azkuek zuzentzen duen Zumaiako Musika Bandak emango du kontzertua. Agertokian, Musika eta Banda Eskolako kantu koraleko ikasleen laguntza izango du herriko bandak. Emanaldia 13:00etan hasiko da Zumaiena ikastetxeko aretoan.