Urtea saltaka amaitzeko gonbidapena egin du udalak

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 19a, 10:24

San Silvestre lasterketako korrikalariak, artxiboko irudian.

San Silbestre saltaka saioa egingo dute urtarrilaren 31n, goiz partean, Beheko plazatik abiatuta. Izen-ematea dagoeneko zabaldu dute. 

Ohiko lasterketetako lehiakortasuna alde batera utzi, eta urtea saltaka eginez bukatzeko gonbidapena egin du Udaleko Kirol Sailak. Abenduaren 31n, 11:00etan hasita, San Silbestre saltaka saioa egingo dute Zumaian. Korrika bai, baina patinetan eta ipar martxan aritzeko aukera ere zabalduko dute aurten ere. Azken urteetan gertatu bezala, probak ez du irabazlerik izango, saltaka egitea delako hitzordu horren xedea.

Haurren korrika saioek emango diote hasiera goiz parteko kirol programazioari. LH 3 eta LH 4 mailetako haurrek 250 metroko saioa egingo dute, Alondegi aurretik abiatu eta Beheko plazara heldu arte. LH 5 eta LH 6koek 1.100 metro egingo dituzte; irteera eta helmuga Beheko plazan izango dute. DBH 1 eta DBH 2koek, aldiz, 1.500 metroko korrika saioa izango dute, Beheko plazatik abiatuta eta plaza bertara itzulita.

11:30ean ipar martxako saioa izango da, eta 12:00etan helduen saltaka saioa eta patinen proba. Hauek guztiek 5.000 metroko bidea egingo dute. Beheko plazatik aterata, Paolbiderantza joango dira; Juan Belmontetik Amaiako plazara helduko dira, eta Erribera kalea zeharkatuz, Axular ibiltokitik jarraituko dute. Jadarreko zubia pasata, Basaditik Moilaberriko zubira heldukoa dira, eta handik Paolalderantz joango dira, lehen birako zirkuitua errepikatuz. Proba Beheko plazan amaituko da. 

Patinen kasuan, errepidea bustita badago, saioa ez egiteko erabakia hartu dute aurten. 

Izen emateko apea dagoeneko Lubaki kiroldegian (943-86 20 21). LHko haurren kasuan, beraien ikastetxeetan emango dute izena. Izen ematea doan izango da. 

Probak azkarren bukatzen dutenentzako saririk ez da izango, bai Gertu elkarteko bonuen zozketan parte hartzeko aukera korrikalari guztientzako. Zozketan parte hartzeko, izena ematerako orduan Lubakin edo, haurren kasuan, ikastetxeetan emango dituzten txartelak bete eta egunean bertan plazan jarriko dituzten buzoietan utzi beharko dira. 

Herri krosa otsailaren 15ean

Kirol sailak iragarri du, baita ere, zer egunetan jokatuko den 2025eko Zumaiako Herri Krosa. Otsailaren 15ean izango da, larunbatez. Izen emateak datozen asteotan zabalduko dituzte kronoak.com atarian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide