Moriarti Produkzioaken 'Marco' filma emango dute asteburuan Aita Marin

Juan Luis Romatet 2024ko abenduaren 21a

Loreak eta Handia filmeen egileen azken lana da Marco, Enric Marcoren bizitza du ardatz. 

Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako Marco filma ikusteko aukera izango da asteburuan Aita Mari aretoan. Gaur, bihar eta etzi, ikuslegoaren eguna, emango dute Zumaiako zinema aretoan, 19:30ean. Sarrerak aurrez eros daitezke sarrerakzumaia.eus webgunean.

Enric Marcoren bizitza du ardatz pelikulak. Espainiako sindikatuko Lanaren Konfederazio Nazionaleko (CNT) idazkari nagusia izan zen protagonista, baita Mauthausengo Amical elkarteko lehendakaria ere. Hara eta hona ibili zen urte askoan hitzaldiak ematen, komunikabideetan agerraldiak egiten, nazien kontzentrazio esparruetan preso egon zela eta bertan bizitakoak kontatzen. Kontzentrazio esparruetan egondako biktimen eledun eta ordezkari bihurtu zen Marco, harik eta guztia gezurra zela deskubritu zen arte: bere biografiako datuak faltsutu zituen, Flossenburgeko (Alemania) kontzentrazio esparrutik bizirik atera zela frogatzeko.

Eduard Fernandez aktore kataluniarra da filmeko protagonista. Nathalie Poza, Chani Martin edo Daniela Brown dira filmeko beste aktore batzuk. Loreak eta Handia filmeen zuzendarien azken lana Veneziako jaialdian aurkeztu zuten pasa den irailean, eta bost Goya saritarako hautagaia da. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide