Joan den ostiralean Gipuzkoako Kirolaren Gala ospatu zuten Irungo Ficoban, Gipuzkoako Foru Aldundiren Kirol departamentuak antolatuta. Ekitaldi honek urtean nabarmendu diren Gipuzkoako kirolariei eta kirol taldeei aitortza egitea du helburu, eta aurten ere Urola Kostako hainbat kirolari saritu dituzte, batik bat, Parisko Olinpiar Jokoetan aritu direnak.
Kauldi Odriozola zumaiarrak brontzezko domina lortu zuen Espainiako eskubaloi selekzioarekin, eta Nadia Erostarbe zarauztarra eta Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra surfean lehiatu ziren Teahupooko olatu exijentean. Hirurek oroigarria jaso zuten, beste hainbat kirolari azpìmarragarrirekin batera.
Urteurrenen atalean, Iraurgi saskibaloi taldea eta Pulpo eskubaloi taldea omendu zituzten, elkarte bakoitzak eginiko 50 urteko ibilbideagatik. Bestalde, Alba Menendez zarauztarra kapitaina duen Donostiako Bera Bera eskubaloi taldeari ere aipamena egin zioten Liga, Kopa eta Superkopa iragaztearrean.