Laboaren txoriak

Ur zozoa (Cinclus cinclus)

Imanol Manterola 2024ko abe. 27a, 10:00

Imanol Manterola.

Imanol Manterolak abenduko Zumaia Guka aldizkariko Laboaren txoriak atalerako sortutako edukia da honakoa.

Kolore apalak eduki arren, marroi ilunetik (ia beltza) marroi argira, bere papar zuri horrek azkar salatzen du. Harkaitz artean pausatua dagoenean, mugimendu urduriak egiten ditu, buztana eta hankak gora eta behera etengabean astinduz.

Ar eta emeen artean ez dago desberdintasun handirik.

Ur zozoa kutsadura gutxi duten ibaietan aurki dezakegu, bere elikaduraren oinarria uretako ornogabeak baitira, eta hori horrela izanik, errekak garbi egotea ezinbestekoa du. Gaur egun nahiko erraz ikus dezakegu gure erreka eta ur lasterretan. Urpean ederki moldatzen da, eta denbora askoan, 10-20 segundoan, egoteko gai da arnasarik hartu gabe haitz artean dauden zomorroak ehizatzen.

Beste izen batzuekin ere ezagutzen da: errekazozo, urtxori, paparzuri…

Kantauri aldean eta Pirinioetan urte osoan ikus dezakegu. Martxoa eta apirila artean ekiten diete habi lanketei zozo bikoteek, eta 4-6 arrautza aurrera ateratzeko gai dira.

Luzera, 17-20 zentimetro; eta hegoen zabalera, 25-30 zentimetro.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide