Eire Maiak eta Eire Salegik osatzen duten Eire bikoak sormen egonaldi bat egingo du datorren ekainean Irlandan. Aukera hau Etxepare Institutuaren bitartez sortu zaie, Europan barna euskal kultura garaikidea sustatzeko programaren barruan gazte sortzaileentzat ematen dituen bekaren bitartez. Bikoteak Eire Eiren izeneko proiektua aurkeztu zuen laguntzetara, eta Institutuko arduradunek eskaera hobetsi dute beste bost kultur proposamenekin batera.
Maiak eta Salegik hiru asteko egonaldia egingo dute ekainean Irlandako hiru eskualdeetako hiri nagusietan -hau da, Galway, Cork eta Dublinen-, eta asmoa da bertako musika eszena garaikidearekin harremantzea, baina helburu finko bat jarrita: Irlandako musikariekin elkarlanean, abesti berri bat sortzea euskara eta gaelikoa uztartuz. Bide horretan, Euskal Herriaren eta Irlandaren arteko senidetza ere bultzatu nahi dute.
Diru laguntzak egonaldirako soilik ematen diela eta, kontzertuak emateko asmoa ere erakutsi du Eirek. Hartara, han ateratako sosekin, grabazioa ordaindu edo bideoan jasotzeko aukera izan dezaketela pentsatzen dute. Sortuko duten abestiari dagokionez, inolako oinarririk eta aurreiritzirik gabe joan nahi dutela aditzera eman dute; bertan topatu dezaketen edozein doinu nahiz erritmotara irekita daudela, alegia.
Abenduak 29, 09:00: Gukak Inozenteen Egunaren harira argitaratutako albistea da hau.