Eskubaloiaren festa, Espillaren oroimenez

Gorka Zabaleta 2024ko abe. 29a, 22:44

Eskubaloiaz gozatzeko sei partida jokatu dituzte gaur Pulpok, Euskadiko selekzioak eta Bera Berak Lubaki kiroldegian, Iñaki Espillaren X. oroimenezkoan. Hemen daukazue argazki bilduma. 

Gabonetako hitzorduari hutsik egin gabe, Lubaki kiroldegian bildu dira berriro Pulpo eta Euskadiko selekzioa, hamargarren urtez Iñaki Espilla zenaren oroimenez. Goizeko 10:00etan hasi eta iluntzeko 20:30 arte, sei partida jokatu dituzte, infantil, kadete, jubenil eta senior mailakoak.

Pulpok bi partida irabazi ditu (Taosa Pulpoko kadeteen eta Euskadiko infantilen artekoa; eta Inmo Zumaia Pulpoko jubenilen eta Euskadiko kadeteen artekoa), eta Euskadik lau irabazi ditu (Creados Pulpo kadeteen eta Euskadiko infantilen artekoa; Inmo Azkue jubenilen eta Euskadiko kadeteen artekoa; Bera Bera eta Euskadiko jubenilen artekoa; eta Labarra Nikol Pulpo eta Euskadiko jubenilen artekoa).

Euskadiko selekzioekin jokatu dute Pulpoko 11 jokalarik: Malen Ayesa, Iker Corcuera, Jakes Gorritiberea eta Lander Larrañaga infantilak; Kira Lopez, Axun Gomez, Manex Narbaiza eta Andres Muñoz kadeteak; eta Lide Arrizabalaga, Ander Moriana eta Ander Zearreta jubenilak.

Euskadiko selekzioarentzat prestaketa partida garrantzitsuak izan dira, datorren astean jokatuko den Espainiako Txapelketari begira.

Bestetik, astelehenean, 2014ko Pulpoko eta Urdanetako alebinek topaketak egingo dituzte 09:30etik 13:30era, eta ondoren, 13:30ean, hasiko da Zazpi Metro Challenge izeneko saioa, "gonbidatu bereziekin". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide