Urte bukaerarekin batera, Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu du Gertu Zumaiako merkatari eta ostalari elkarteak. Aurten lehiaketaren XXVI. aldia bete da, eta Gabon garairako beraien saltoki edo tabernetako erakusleihoak atontzea eskatu die elkarteak bere bazkideei, baita hauek erantzun ere.
Erakusleiho eta visual merchandisingean aditua den Jorge Malkorra aritu da epaile lanetan, eta haren ustez Ignacio Zuloaga plazan dagoen Koketa saltokiarena izan da aurtengo lehiaketara aurkeztutako erakusleiho onena. Hala, 200 euroko balioa duen erosketa bono bat jaso du dendako arduradunak.
Beste lau sari ere eman dituzte lehiaketan. Epailearen iritziz, originalena Txera saltokikoa izan da; Gabonak hobekien islatu duena Xanti Altzariakekoa izan da, koloretsuena Edu Optikarena eta ondoen argiztatutakoa Amalurrena. Hauek 100 euroko erosketa txartela jaso dute.