Euskal Herriko udalerri eta auzo askotan egin bezala, Zumaian ere lasterketa egin dute San Silbestre egunean. Lasterketa baino, saltaka saioa izan dela esan daiteke. Izan ere, azken urteotan gertatu bezala, lehiakortasuna kendu nahi izan diote antolatzaileek urte amaierako korrika saioari. Hala, ez da irabazlerik izan, ezta sailkapenik ere.
Eguraldi ederrarekin egin den saio honetan batzuk saltaka egin dute ibilbidea, besteek ipar martxan, baita patinetan ere. Haur txikiak izan dira parte hartzen lehenak, 11:00etan, eta eguerdiko 12:00etan ekin diote proba nagusiari. Guztira, mila zumaiar inguruk jantzi dituzte zapatilak urteari saltaka amaiera emateko.