Zumaiako nagusien artean erantzun ona duten hiru programa edo jarduera bueltan izango dira urte berriarekin batera, behin neguko oporraldiak amaituta. Hiruretarako ere izen emate epea zaldu dute Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek.
Oroimena lantzeko tailerra urtarrilean itzuliko da, eta ekainaren 21era bitartean emango dute Hogarreko gelan. Oroimena aktibo mantentzeko asmoz, hainbat ariketa jarduera egingo dituzte parte hartzaileek. Astelehenetan izango dira saioak, eta bi taldetan banatuko dituzte parte hartzaileak: lehen taldeak 16:00etatik 17:00etarako ordutegia izango du, eta bigarrenak 17:10etik 18:10era bitartekoa.
Izena datorren asteazkenera bitartean (urtarrilak 8) eman daiteke. Matrikularen prezioa 22,05 euro izango da, eta diru sarrera 2095 5174 90 1060024873 (Kutxabank) kontuan egingo da. Sarrera egiterakoan interesdunaren izen-abizena jarri beharko da.
Tipi tapa ibilaldiak ere Gabon garaia igaro ondoren bueltatuko dira. Asteazkenero bilduko dira goiz partean, 10:00etan, Hogarraren parean, eta boluntarioek gidatuta ibilaldi osasungarriak egingo dituzte, elkartzeko eta harremantzeko guneak sortuz.
Itsasargi zerbitzua ere bueltan izango da oporren ondoren. Kasu honetan, mendekotasun arriskuan egon daitezkeen herritarrei zuzendutako zerbitzua da, eta egunean bi orduz elkartzen dira (astelehenetik ostiralera) Hogarreko bigarren solairuan, 10:30etik 12:30era bitartean.
Programa hauetan izana emateko Gizarte Zerbitzuen bulegoetara (Branka eraikinean) bertaratu daiteke. Informazio zehatzagoa nahi izanez gero, 943-86 22 00 telefonora deitu daiteke edo brankaharrera@zumaia.eus helbidera idatzi.