Une gozoak ari da bizitzen Frida Watkins puntista zumaiarra. Duela astebete Emakumea Pilotari txapelketa irabazi zuen, Maite Ortiz de Mendibilekin bikotea osatuta, eta atzo arratsaldez Berriatuko Masters Serieseko finalerako txartela irabazi zuen.
Elaia Gogenola berriatuarrarekin bikotea osatuta, Bizkaiko herri honetan jokatzen ari diren txapelketako finalaurrekoa jokatu zuen zumaiarrak. Mendibarren pilotalekuko kantxan Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabal izan zituzten aurkari, Durangokoa lehena eta, Gogenola bezala, Berriatukoa bigarrena.
Hiru set edo jokotan erabaki zen partida. Lehenan, Gogenola eta Watkins izan ziren irabazleak, 15 eta 10 emaitzarekin. Bigarrengoan Barrenetxea eta Aldazabal nagusitu ziren, 12 eta 15 emaitzarekin. Partida irabaziko zuen joko laburrean, aldiz, berriatuarra eta zumaiarra izan ziren irabazleak, 5 eta 2 emaitzarekin.
Hala, datorren ostiralean Mendibarren frontoian jokatuko duten finalean izango da Watkins. Aurkariak Ihart Arakistain eta Arai Lejardi izango dituzte aurkari.