Haurren gutunak heldu dira dagoeneko Errege Magoen eskuetara. Jaso nahi dituzten oparien zerrendak, luzeak batzuk laburragoak besteak, gutunetan idatzi dituzte haurrek, eta atzo arratsaldez eman zizkieten Erregeen laguntzaileek. Ohi bezala, Beheko plazan jarritako Jaiotzan egin zen ekitaldia, eta hiru laguntzaileek banan-banan hartu zituzten haurrak. Urtean zehar txintxoak izan ote diren galderak ez ziren falta izan.
Arratsaldea girotze aldera, gaztain erreak prestatu zituzten Erkibe elkarteko kideek plazan bertan, Batzoki parean. Giro epela egiten bazuen ere, martxa onean banatu zituzte aipatu gaztainak.
Desfilea arratsaldean
Arratsaldean egingo da Errege Magoen desfilea Zumaian. Azken urteotan bezala, itsasontziz helduko dira Erregeak Zumaiara. Behin Itsas kiroldegiko pantalanean lehorreratu eta gero, karrozetara igoko dira eta handik ekingo diote kabalkadari. Orduan izango da herritarrek mimoz diseinatu eta egindako karrozak ikusteko aukera ere.
Itsas kiroldegiko aparkalekutik aterata, Patxita Etxezarretan barrena Txomin Agirre kaiara helduko dira. Saregile plazan buelta eman, eta Erribera kalea zeharkatuz Beheko plazara helduko dira. Jaiotza aurrean gurtza egin eta gero, Etxezarreta kaletik itzuliko dira Itsas kiroldegira.