Hamalau urte besterik ez zituen Xanti Osak lanean hasi zenean. Ikasketak alde batera utzi eta aitari laguntzen hasi beharra izan zuen. Gaur egun damu da gehiago ikasi ez izanaz, eta ikasketek duten garrantzia azpimarratu du; baina beste garai batzuk ziren haiek, eta familiak lanerako esku gehiago behar zituen orduan. Aita eta anaia bakarrik ziren lanean eta haiengana batu zen Osa, familiak negoziora, enbalaje lanetara. Lehen urteak gogorrak izan zirela aitortu du, ordu asko lan egin behar izan baitzituen: "Udan ere zortziak arte lanean, lagunak hondartzan, eta ni hantxe", oroitu du.
Familiako tradizioa jarraituta hasi zen arotz lanetan Osa. Aitak Getarian egin izan zuen lan aurretik; gaur egun Astillero jatetxea dagoen lekuan zuen lantokia. Bi osaba ere bazituen Beduan lanean, itsasontziak egiten.
Aitaren alboan enbalaje lanetan hasi, eta eraikuntza sektorerako lanak egiten jarraitu zuen; tarimak, ateak eta abar egiten. Pixkanaka ofizioa ikasten joan zen, eta baita gauza zailagoak egiten ere, hala nola, altzari bereziagoak, neurrira egindakoak, tabernetarako altzariak... Hala ere, bestelako lan batzuekin ditu gogokoan: ontziak.
18 urte zituela egin zuen lehenengo batela, proba modura. Mutrikura (Gipuzkoa) saldu zuen hura. Lan horiek gustuko zituela eta, tratu bat egin zuen bere buruarekin: "Soldaduskatik libratzen banaiz, traineru bat egingo dut". Gehienezko kupoak libratuta, bere hitza bete zuen, eta 21 urterekin, zumaiarrentzat traineru bat egin zuen. Dena ez zitzaion uste bezala atera ordea. "Ezjakinen kontuak" direla eta, egur arinegia aukeratu zuen ontzia egiteko, eta aste batean 200 kilo pisatzetik, uretara bota eta hurrengo astean 260 kilo pisatzera igaro zen trainerua. Aurreneko egunetan bere lana izugarri goraipatu zutela kontatu du Osak, trainerua besteena baino hogei segundo azkarragoa baitzen. Astebetean, ordea, laudorio guztiak lurpratu zituztela esan du, eta egundokok entzunda gainera. Akatsetatik ikasi, hilabeteak tratamendu egokiaren bila igaro, eta traineruak eta ontziak egiten jarraitu zuen ordea, eta gaur egun arte. Izan ere, aukera emanez gero, horretatik bizitzea gustatuko litzaioke Osari.
Osaren egunerokoak ez du ezer berezirik. 07:00etan hasten dute tailerreko jarduna, eta dekoratzaileek eskatzen dietenaren arabera altzari bat edo bestea egiten hasten dira. 12:30ean bazkaltzeko tarte bat hartzen dute, eta 14:00etan itzultzen dira berriro lanera. Egun batzuetan 19:00ak edo 20:00ak arte lanean jarraitu behar izaten duen arren, normalean 18:00etarako edo 18:30erako libre izaten da Osa. Lanetik irten eta deskonektatu egiten du, eta "zorionez" hartzen du laneko aspektu hori. Ez du gaua buruari bueltak ematen igarotzen, bestelako arazorik ez bada behintzat.
Ofizioaren gazi-gozoak
Izan ontziekin edo altzariekin, egurrarekin lan egiten "gozatu" egiten du Osak, "gustura" aritzen da bere lanean. Baina alde txarrik ere baduela onartu du. Lanean sartzen dioten presa eta jasan behar izaten duen presioa dira gutxien gustatzen zaionak, dekoratzaile eta arkitektoengandik etortzen zaion hori, lanerako erritmo ideala izango litzatekeena oztopatuz. Bere ardurapean langileen izatea ere zamatzat du. Gaur egun hiru langile ditu, baina garai batean hamabi ere izandakoa da. 2008ko krisialdiaren garaian "behea jo" zuela oroiu du, orduan bizitako bolada txarraren oihartzuna ahotsean nabari zaila. "Lanik ez, hamabi langile, horiei kalte ordainak eman beharra, bankuarekin zorretan sartzea... oso garai txarra pasatu nuen", adierazi du.
Aitarekin hasi zenetik, urte asko daramatza Osak lanean, eta ofizioa asko aldatu da ordutik. "Makinak asko hobetu dira", horretan ikusten du aldaketarik handiena. Eta lanabes hobeak izatearekin batera, lan egiteko posturak ere hobera egin dutela azpimarratu du. Bezeroei dagokionez, aldiz, sektoreak atzera egin duela uste du. Exijentzia handiak daudela ziurtatu du, ezjakintasunaren ondorio gehienetan. "Askok Interneten artikuluak irakurrita eta bideoak ikusita uste dute badakitela nola diren kontuak". Baina Osak argi dio: "Nahi dutena esango dute, baina hori ez da horrela". Gazteen artean nabaritu du nagusiki hori: "Exijentzia asko eta errespetu falta". 50 urte inguruko bezeroekin arazorik ez duela izaten dio, baina gazteekin bai, bai berak eta baita dekoratzaileak ere, biek ala biek tirabira asko izaten dituztela azaldu du.
Horiek horrela, Osak ez du sektorearekiko ikuspegi itxaropentsua, baina ez lanik ez dagoelako, lan gehiegi dagoelako baizik. Ez du lehiarik bere lanean, jendea falta baita lanerako. Duela bi urte lan egiten zuen zortzi dekoratzaile haietatik bakarrarekin geratzea erabaki zuen, ez baitzen kapaz guztiak asetzeko. Izan ere, enkargu horiez gain Zumaian duen Xanti Altzariak bere dendan ere jasotzen ditu bezeroen zuzeneko lanak.
Eskaria bada, baina ez dago nahikoa eskaintza. Osari pena handia ematen dio berak hain gustuko duen ofizioa ikasteko prest den gazterik ez izateak. Datu gisa kontatu du azken urteotan Gipuzkoan urtero bost tailer inguru ixten direla, nagusiak erretiroa hartu eta jarraituko duen inor ez dagoelako.
Erretiroaren atarian
Gauza bera gertatuko zaio Osari ere datorren abenduan erretiroa hartzen duenean. "Langileek ere ez dute nahi, inork ez du nahi ardurarik hartu, ez dakit zer geratzen den...", esan du harrituta. Hala ere, erretiroa hartzeko erabakia erraz hartu duela adierazi du, gogotsu dagoela etapa berrirako. Ez ditu bere lanak erabat alboratuko. Tailerra itxi egingo du eta jendearentzat lanak egiteari utzi egingo dio, baina bere arotza izaten jarraituko du berak. "Seguruenik lokal txiki bat hartuko dut nire kapritxoak eta txapuzak egiteko".
Lana gustukoa denean, ez da lotura hori guztiz moztuko duen zerrarik. 14 urterekin hasitako bidaian nabigatzen jarraituko du erretiroaren uretan ere, eta herritarrek izango dute oraindik Osaren ontziak eta txalupak Zumaiako ibaian zehar ikusteko aukerarik.
- Adina: 62 urte.
- Ikasketak: oinarrizkoak, 14 urtera arte.
- Lanbidea: arotza.
- Arotza ez banintz… igeltseroa izango nitzake seguruenik, edo behintzat eskulanean oinarritutako ofizioren bat izango nuke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… belaontzian ibiltzea.