'Anora' filmarekin hasiko da ostegunean zine forumeko neguko hiruhilekoa

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 7a, 08:00

Sean Baker estatubatuarraren lanak Canneseko jaialdiak ematen duen sari nagusia jaso zuen iaz. Martxora bitartean beste bost film emango ditu Ostarrenak Aita Mari zinema aretoan.

Ostarrena zine klubak iragarri ditu dagoeneko datorren martxora bitartean Aita Mari aretoan izango diren zine forum saioetan eskainiko dituen filmak. Sei pelikula emango ditu Zumaiako zine klubak neguko hiruhilekoan. Saioak 19:00etan hasiko da. Sarrerak aretoko leihatilan egongo dira salgai, 5 euroan. 

Hasteko, datorren ostegunean Anora film estatubatuarra ikusteko aukera izango da. Sean Baker zinemagilearen azken lanak Mikey Madison du aktore protagonista gisa, eta iazko Canneseko zinema jaialdian aurkeztu zuten. Jaialdiak ematen duen sari nagusia, Urrezko Palmondoa, ere irabazi zuen. 

Sinopsia

Anora, Ani, Queenseko neska gazte bat da. Brooklynen dagoen striptease klub batean egiten du lan; dantza egiten du, eta bertara doazen enpresariei konpainia egiten die. Gau batean, Ivan izeneko gazte errusiar bat azalduko da klubean. Anik errusiar apur bat hitz egiten duela eta, haren nagusiak gaztearengana bidaliko du, eta biak berehala moldatuko dira ondo.

Beste bost film

Martxora bitartean beste bost film emango ditu Ostarrenak zine forum saioetan. Honakoak izango dira neguko hiruhilekorako aukeratutako beste bost hitzorduak:

  • Urtarrilak 23: Bird (Andrea Arnold, 2024, Erresuma Batua).
  • Otsailak 6: Crossing (Levan Akin, 2024, Suedia).
  • Otsailak 20: Conclave (Edward Berger, 2024, Erresuma Batua).
  • Martxoak 6: El baño del diablo (Severin Fiala eta Veronika Franz, 2024, Austria).
  • Martxoak 20: Dahomey (Mati Diop, 2024, Senegal).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide