2024. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Zumaiaguka.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Zumaiako hedabideak 2024an, eta hainbat izan dira komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 3.542 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, hamar albiste egunean batez beste, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.
2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1,5 milioi bisitatik gora izan ditu Zumaia Gukaren webguneak: zehazki, 1.555.111 bisita. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Horrela, beste urtebetez milioi eta erdiko langaren gainetik jarraitu du. Datu hori kontuan izanik, egunean, batez beste, 4.249 bisita izan ditu webguneak.
Azken urteetako joera berretsi egin da 2024an ere: herritarrek Interneteko edukiak eskuko telefonotik kontsumitzen dituzte batez ere. 2023an kopuru hori %80tik gorakoa izan zen; 2024an, aldiz, %70ekoa.
Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak oso onak izan dira 2024an ere. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Azpeitia Guka, Azkoitia Guka, Zumaia Guka, Zarautz Guka, Orio Guka eta Guka– 9.942.528 bisita izan zituzten iaz, urtebete lehenago adina.