Paoleko barra itxiko dute gaur arratsaldetik aurrera haizeteen iragarpenengatik

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 7a, 14:58

Zuhaitza erorita Etxezarreta kalean azaroaren 23an izandako haizeteen ondorioz. (Utzitakoa)

Haize bolada zakarrak espero dira gaur arratsaldetik bihar iluntzera bitartean. Eusko Jaurlaritzak abisua horia ezarri du datozen egunetarako, eta arretaz ibiltzea eskatu die udalak herritarrei. 

Abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoarako datoten ordutan espero diren haize bolada zakarrak direla eta. Horren aurrean, udaleko Larrialdi Mahaia bildu da gaur, eta lehen erabaki bezala paoleko barra ixtea adostu du. Horrekin batera, neurriak errespetatzea eta arretaz ibiltzea eskatu die udalak herritarrei.

Udalak ohar bidez adierazi duenez, dagoeneko kontaktuan jarri da obrak tarteko aldamioak, gruak eta bestelakoak jarri dituztenekin harremanetan jarri da, egitura horiek modu berezian heldu ditzaten eskatzeko. Brigada, udaltzaingoa, lorezaintza zerbitzua eta UKUE -hondakinak eta edukiontziak kudeatzen dituen erakundea- dagoeneko koordinatuta daudela ere iragarri du. 

Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioak jarraitzea ere eskatu die udalak herritarrei:

Etxeetan hartu beharreko prebentzioko neurriak

  • Itxi ateak, eta finkatu leihoak eta olanak.
  • Kendu lorontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak.

Kalean bazaude

  • Behar-beharrezkoa ez bada, ez joan mendira adierazitako ordu horietan, eta, joan behar baduzu, babes-neurri egokiak hartu.
  • Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontu handiz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aurrean bazaude.
  • Aldamioak, garabiak eta obrako bestelako elementuak saihestu.

Bidaiaren bat egin behar baduzu

Ahal bada, ez egin errepideko joan-etorririk, eta, edonola ere, aurrez neurriak hartu.

Informa zaitez joango zaren edo igaroko zaren aldeko meteorologia-baldintzei buruz

Itsasaldearekin lotutako neurriak

  • Urrundu zaitez haize gogorrek eragin ditzaketen olatuen eta mareen eragina jasan dezaketen lekuetatik.
  • Ez erabili itsasontzirik, eta berrikusi horien amarrak.
  • Ez egin uretako kirolik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide