Hogei urteren ostean, nolatan elkartu zarete Betizu taldeko kideok?
Uste dut azken urteotan modan jarri direla halako elkartzeak. Operacion Triunfo saioarekin egin dute, esaterako. Uste dut hau izan dela arrazoietako bat.
Pandemia baino lehenago, 2016-2017an, Betizuko kideok geneukan WhatsAppeko taldean komentatu nuen berriz elkartzearen aukera. Ez kantatzeko, zerbait hartzeko edo bazkaltzeko baizik. Bere horretan geratu zen hori.
Hasieratik al zenuen seguru parte hartu nahi zenuela?
Garbi neukan baietz. Nire gogoa bazen beraiek proposatu aurretik, eta baiezkoa eman nuen inolako zalantzarik gabe.
Uda baino lehen jaso nuen deia Baleuko ekoiztetxetik, eta orduan komentatu zidaten saioa grabatzearen ideia. Beste partaide batzuen telefono zenbakiak eta datuak eskatu zizkidaten, eta uda igarota baieztatu ziguten hau gertatuko zela. Azaroko hiru egunetan grabatu genuen.
Kontzertua ikusgai dago dagoeneko. Asko entseatu behar izan al duzue?
Primeran plataforman ikus daiteke. Abestiak ezagutzen genituen, baina aste batzuk lehenago hitzak pasa zizkiguten. Grabaketa baino bi egun lehenago geratu ginen, batzuetan elkarrekin abestu behar genuelako. Ez genituen entsegu asko behar izan; ez genuen denbora asko izan elkarrekin egoteko.
Garai hartako abestiak-eta gogoratzen al zenituen?
Bai, noski, abesti guztiak. Momentu on guztiak buruan ditut, eta Betizuko garaia momentu on bat izan zen.
Zer moduzko esperientzia izan da emanaldia prestatzea?
Izugarria. Pasada bat izan da telebistara berriro bueltatzea, aspaldian topo egin ez dudan jendearekin topatzea, abestiak berriro abestea... Oso motza geratu zitzaigun; urtero egingo nuke gauza bera.
Emaitzarekin gustura al zaude?
Oso gustura. Gala osoa ikusi dut, eta oso ondo dago.
Zer izan da zuretzat hogei urtera umetan bizi izan zenuen proiektu hura berriz bizitzea?
Oroitzapen on horiek guztiak berpiztea. Orduan oso pozik bizi ginen, eta momentu batez denbora haietara bueltatzea izan da aukera hau.
Hogei urte pasatu izanagatik, taldekideekin mantentzen al zenuen harremanik?
Bai, WhatsApp taldean eta abar, baina bakoitza txoko batekoa da, eta denekin topatzea zaila da. Mikel Zubimendirekin eta Telmo Idigorasekin gehiago topatu naiz, herri berekoak gara eta.