Lau eguneko egitaraua prestatu dute Elorriagan sansebastianetarako

Mireia Galarza Bastida 2025ko urt. 11a, 17:00

Iazko festak. (Utzitakoa)

Hilaren 17an hasiko dira jaien bueltan antolatutako ekintzekin, eta San Sebastian Egunez amaituko dituzte horiek. Bertan, askotariko ekintzak izango dira, hala nola mus txapelketa, afari eta bazkariak edota erromeriak. 

Elorriagako auzokideek prest dute sansebastianetarako egitaraua. Hilaren 17an hasiko dira jaien bueltan antolatutako ekintzekin, eta San Sebastian Egunez amaituko dituzte horiek. Bertan, askotariko ekintzak izango dira, hala nola mus txapelketa, afari eta bazkariak edota erromeriak. 

Ostiralean, hilak 17, mus txapelketa jokatuko dute Lau-haizeta elkartean 22:30ean hasita. Izena emateko epea txapelketa hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dute elkartean bertan, eta hainbat sari eskainiko dituzte. Irabazleek txapela eta 350 euro eskuratuko dituzte, bigarrengoek garaikurra eta 200 euro, hirugarrengoek 100 euro eta laugarren sailkatzen direnek "ustekabeko oparia" izango dute. 20 euro ordaindu beharko ditu bikote bakoitzak izena ematerakoan. 

Hona hemen egitaraua osorik: 

Ostirala, urtarrilak 17:

- 22:30. Mus txapelketa. 

Larunbata, urtarrilak 18:

- Afaria, Urberu sagardotegian. Ondoren, erromeria Izer eta Narbaiza trikitilariekin.

Igandea, urtarrilak 19:

- 12:00. Itziarko sagardogileen eskutik, sagardo dastaketa Jagoba eta Maddalen trikitilariek alaituta.

- 14:00. Bertso bazkaria Julio Soto eta Iker Zubeldiarekin. (Prezioa 25 euro eta erreserbak telefono honen bitartez egin beharko dira: 680 63 31 75).

Astelehena, urtarrilak 20:

- 11:00. Meza. Ondoren, txakolin dastaketa.

- 12:30. Zaldi proba Gaztañei eta Sergioren artean.

- 14:00. Bazkaria Urberu sagardotegian. Ondoren Mendaro eta Galaktikorekin erromeria.

-18:00. Festen amaiera eta txokolate jana Lau-haizeta elkartean. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide