Hasiera ona eman diote Kbiko xake jokalariek Gipuzkoako ligari

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 13a, 14:00

Zumaiako eta Azkoitiko xake jokalariak jokoan pasa den larunbatean. (Txelu Fernandez)

Kbiren A eta B taldeek garaipenak erdietsi dituzte Gipuzkoako ligako lehen jardunaldian. C taldeak, berriz, galdu egin zuen. 

Kbi xake klubeko taldeek pasa den larunbatean jokatu zituzten Gipuzkoako ligako lehen jardunaldiko partidak. A taldeak etxetik kanpo jokatu zuen, Azkoitian, eta B eta C taldeek, aldiz, etxean. 

A taldeak debuta egin zuen larunbatean Gipuzkoako preferente kategorian, iaz igoera lortu ondoren. Hasiera ezin hobea izan dute Zumaiakoek, Azkoitiko Anaitasuna-Kakute A taldeari 0 eta 4 emaitzarekin irabazi zioten eta. Zumaiarren aldetik Paulo Alberdik, Oier Sarasketak, Xabier Aranzabalek eta Fermin Laurobak jokatu zuten. Datorren jardunaldian Agustin de Leiza A taldea hartuko dute etxean.

Kbiren B taldeak ere garaipenarekin hasi du denboraldia, bigarren mailan. 3,5-0,5 emaitzarekin irabazi zioten zumaiarrek Billabona D taldeari. Julio Hernan Andradek, Oscar Aizpuruak, Miguel Angel Aguadok eta Iñaki Arrietak jokatu zuten pasa den zapatuan zumaiarren izenean. Datorren asteburuan Andoainera joango dira, Agustin de Leiza B taldearen aurka jokatzera.

Zumaiako xake klubeko hirugarren taldeak, Kbi C-k ez zuen irabazterik izan hirugarren mailako lehen jardunaldian. 1 eta 3 emaitzarekin galdu zuten Debako San Roke taldearen aurka. Jose Rodon, Aitor Aizpurua, Andoni Harys Palawo eta Oier Urbieta aritu ziren lehian pasa den larunbatean. Datorrenean Bergaran jokatuko dute, Zaleak taldearen aurka.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide