1.212 euro bildu ditu Musika Bandak Valentziako uholdeetako kaltetuentzako

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 14a, 10:10

Musika Bandak abenduaren 22an eman zuen kontzertuko irudia. (Miriam Romatet)

Paiporta (Herrialde Katalanak) herriko musika bandari laguntzeko kontzertu solidarioa eskaini zuen Zumaiako Musika Bandak iazko abenduan. Zumaiarren ekarpena dagoeneko Valentziara heldu dela azaldu dute kontzertuaren antolatzaileek.

Urriaren amaieran Valentzian (Herrialde Katalanak) izan ziren uholdeetako kaltetuen artean da Paiporta herriko musika banda. Hari laguntzeko, kontzertu solidarioa eskaini zuten iazko abenduan, hilaren 22an, Zumaiako Musika Bandak eta Musika eta Dantza Eskolako kantu koraleko ikasleek. Herritarren borondatezko ekarpena musika banda hari laguntzeko bideratuko zuten. 

Kontzertuan zehar, bideo bana eman zituzten. Lehenengoan, Paiportako musika bandako ordezkaria zuzendu zitzaien entzuleei haien egoeraren eta asmoen berri emateko. Uholdeek kalte handiak eragin zituzten bai herriko auditoriumean, baita musika eskolan ere. Musika eskolak 250 ikasle ditu eta 24 irakasle, eta gaur gaurkoz jarduera etenda du, eta irakasleei aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea ezarri diete.

Bestetik, Oscar Sala tronpa jotzaileak ere hitz batzuk esan zituen bigarren bideo batean. Gaur egun Musikenen irakasle, Paiportako bandan hasi zuen bere ibilbidea, eta Zumaiako Musika Bandarekin jo zuen 2008. urtean.

Ekitaldian zehar, 1.212 euro bildu zituzten eta dagoeneko heldu da dirua kaltetuen eskuetara. Paiportako bandako kideen esanetan, lehentasuna musika eskola berriro martxan jartzea izango da. Beharrezkoak diren lanen artean egoitzaren desinfekzioa, haren margotze lanak, instalazio elektrikoak konpontzea, edota igogailua eta altzariak berritzea daudela iragarri dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide