HAPOren inguruko azalpenak emateko bisita gidatuak egin dituzte Oxforden

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 15a, 08:00

Herritarrak, atzo arratsaldez egindako bisita gidatuan. (Juan Luis Romatet)

HAPOren erakusketaren irekierarekin batera, bi bisita gidatu egin zituzten arratsaldez Alondegiko Oxford aretoan, euskaraz eta gaztelaniaz bana.

Hiri Antolakuntza Plan Orokor (HAPO) berria onartzeko prozesuan murgilduta dago udala (iazko abenduko plenoan eman zioten lehen onarpena), eta horren barruan erakusketa zabaldu zuten atzo arratsaldez Alondegiko Oxford aretoan. Hilaren 26ra arte egongo da ikusgai, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Erakusketarekin batera, hari lotutako beste ekintza batzuk antolatu dituzte. Hala, atzo arratsaldez planaren ezaugarriak azaltzeko bisita gidatuak egin zituzten Oxford bertan. Bi bisita izan ziren, gaztelaniaz lehena eta euskaraz bigarrena. Herritarrak bertaratu ziren ekintza hauetara, etorkizuneko Zumaia nola irudikatzen duten jakin nahian. 

Datorren asterako beste bi ekintza ere antolatu ditu udalak. Asteartean, hilaren 21ean, hitzaldia izango da Oxforden, 18:30ean. Hurrengo ostegunean, berriz, urtarrilaren 23an, partaidetza saioa izango da, 18:30ean baita ere, Alondegiko erakusketa aretoan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide