2027ra arte luzatu du kontratua Ander Torrikok Alicanterekin

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 15a, 09:00

Ander Torriko, kontratu berria sinatzerako orduan. (EON Alicante)

Horneo EON Alicante taldean ari da jokatzen denboraldi honetan eskubaloi jokalari zumaiarra. Klubak iragarri berri du kontratua 2027ra arte luzatuko diola.  

Lesio larri bat zela medio, kantxetatik at egon zen denbora luzean Ander Torriko eskubaloi jokalaria. Iazko denboraldiaren bigarren erdian itzuli zen lehiara, Anaitasuna taldean. Itzuleran lan ona egiten ari bazen ere, Iruñeko klubak kontratua ez berritzea erabaki zuen, eta Alacantera (Herrialde Katalanak) joatea erabaki zuen Torrikok, Espainiako eskubaloiko bigarren mailan jokatzen ari zen EON Alicante taldera.

Gozatzen ari da Torriko denboraldi berrian, eta jokatutako hamabost partidatan 97 gol sartu ditu, ligako bigarren goleatzaile handiena bihurtuz. Klubak bere webgunean azaldu duenez, kantxan ez ezik, aldagelan ere pieza garrantzitsua bihurtu da Torriko. Horregatik, eta Alacantera goi mailako eskubaloia eramateko proiektuarekin jarraitzeko haren lana ezinbestekotzat jotzen dutelako, kontratua beste bi urtez luzatzea adostu dute klubak eta jokalariak. Hala, 2027ra arte jokatuko du printzipioz Torrikok Alacanten. 

Poza azaldu du Torrikok kontratua luzatu izanarekin, eta Alacanten gustura eta eroso sentitzen dela adierazi du. Klubak erakutsi dion "segurtasuna eta konfiantza" ere eskertu du. "Lehenik segurtasuna, belauneko lesioengatik iragan zail samarretik natorrelako, eta gero konfiantza, klubak nigan konfiantza osoa izan duelako iritsi nintzen lehen egunetik".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide