Arroabeako San Isidro kalea oinezkoentzako egokitzeko aukera aztertu du Zestoako Udalak, Ezkaizto auzo elkarteak udaletxean aurkeztutako proposamena kontuan hartuta. Izan ere, auzo elkartekoek oinezkoentzako arriskutsutzat jotzen dute kale hori: "San Isidro kaleak auzoa zeharkatzen du aisialdirako gune nagusiak zatituz, eta horrek kezka sortzen du bizilagunen artean".
San Isidro kalearen zirkulazioa erregulatzeko tekniko aztertu dituzten hiru aukerez hitz egiteko auzo batzarra antolatu du udalak urtarrilaren 23rako (osteguna), 18:30ean Arroabeko elkargunean.
Gero, bileran parte hartzen dutenen eta 18 urtetik gorako herritarren artean erabakiko dute zein izango den aurrera egingo duen aukera. Oinezkoentzako egokitzearekin, auzoaren segurtasuna eta bizi kalitatea hobetu nahi dituzte, biztanle guztientzako herri espazio "seguruagoa eta irisgarriagoa" izateko. Horretako erabakietan herritarren hitzak eta erabakiak duten garrantzia nabarmendu du Zestoako Udalak, eta hilaren 23rako antolatutako batzarrean parte hartzera deitu ditu.