Bukatu da ametsa Annette Gonzalez Etxabarri surflari zumaiarrarentzako Filipinetan jokatzen ari diren junior mailako munduko surf txapelketan. Gaur jokatu dituzte txapelketako final zortzirenak eta final laurdenak, eta azken fase honetan geratu da txapelketatik kanpo zumaiarra.
Sanoa Dempfle-Olin kanadiarra izan du Anette Gonzalez Etxabarrik aurkari txapelketako final zortzirenetan. Oso lehia estua izan da bi surflarien artean, eta gutxigatik izan bada ere, zumaiarra izan da txandako irabazlea. 11,17 puntu lortu ditu Gonzalez Etxabarrik, eta 11,04 Dempfle-Olinek.
Egunean bertan jokatu dituzte txapelketako final laurdenak. Bere txandan, Luana Silva brasildarra zuen aurkari zumaiarrak, eta ezin izan du garaipenik erdietsi. Hala, 11,50 puntu lortu ditu Silvak eta 9,17 Gonzalez Etxabarrik, txapelketako finalerdien atarian geratuz.