San Sebastian jaiak ospatzen ari dira ostiraletik Elorriaga auzoan. Mus txapelketa izan zuten ostiralean, eta afaria eta erromeria atzo gauez. Gaur goizez, sabela pozteko aukera izan dute eguraldi ederra aprobetxatuz auzora bertaratu direnek.
Goizean, Itziarko sagardogileek ekoiztutako edaria dastatu dute Elorriagan. Mendi buelta eginez auzora hurreratu direnei primeran etorri zaie sagardo bat, bi edo gehiago edatea. Baita autoz bertaratu direnei ere.
Eguneko egitarauarekin jarraituaz, bertso bazkaria izan dute ondoren. Julio Soto eta Iker Zubeldia aritu dira kantuan.
Bihar da San Sebastian eguna eta, ondorioz, Elorriagako jaek bihar arte jarraituko dute. Asteleheneko egitaraua honako ekitaldiek osatuko dute:
- 11:00. Meza. Ondoren, txakolin dastaketa.
- 12:30. Zaldi proba Gaztañei eta Sergioren artean.
- 14:00. Bazkaria Urberu sagardotegian. Ondoren Mendaro eta Galaktikorekin erromeria.
- 18:00. Festen amaiera eta txokolate jana Lau-haizeta elkartean.