Txakolin dastaketa, zaldi lasterketa eta bazkaria gaur, Elorriagako jaiei amaiera emateko

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 20a, 09:27

San Sebastian eguneko egitarauarekin amaituko dituzte gaur Elorriaga auzoko jaiak.

Ostiral gauean egindako mus txapelketarekin hasi zituzten San Sebastian jaiak Elorriaga auzoan, eta gaur amaituko dituzte, justu, San Sebastian egunean. Ekitaldi ugari izan dituzte auzoan asteburu luze honetan: larunbatean afaria izan zuten Urberu sagardotegian, eta edari horrekin jarraituta, atzo goizez Itziar inguruan ekoiztutako sagardoa dastatzeko aukera izan zuten Elorriagara bertaratu zirenek. Zubeltzu-Zahar, Zubeltzu-Torre,  Andresene, Larrazabal eta Flysch etxeetako ardoak izan ziren dastagai. 

Jarraian, Iker Zubeldiak eta Julio Sotok kantatutako bertso bazkaria izan zuten. 90 lagun inguratu ziren bertara. Arratsaldean dantzan amaitu zuten, Jagoba eta Maddalenek jotako musikarekin.

Gaur amaituko dituzte jaiak Elorriagan. 11:00etan meza izango dute, eta haren amaieran txakolin dastaketa izango dute. Jarraian, 12:30ean, zaldi proba izango da Gaztañei eta Sergioren artean. San Sebastian eguneko bazkaria Urberu sagardotegian egingo dute, eta haren bukaeran erromeria izango da Mendaro eta Galaktikorekin. Festak amaitzeko, 18:00etan, txokolate jana izango da Lau-haizeta elkartean.

Argazkiak: Elorriagako Festa Batzordea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide