GUTUNA

U25 Bilbora! Gerraren eta faxismoaren aurka gazte langileok lehen lerrora!

Aiora Perez eta Zoihartze Osa, GKSko kideak 2025ko urt. 21a, 14:00

Aiora Perez eta Zoihartze Osa, GKSko kideak

Urtarrilaren 25ean Bilbon antolatutako manifestazioaren harira Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) kide Aiora Perez eta Zoihartze Osak idatzitako gutuna da honakoa.

Instituzioetan ultraeskuinaren alderdiak indarra irabazten ari dira Europa guztian eta faxismoa krisitik ateratzeko alternatiba gisa saltzen ari zaizkigu. Mugimendu erreakzionario hau gero eta pobreagoa den klase ertainaren aterabide errealtzat jotzen da. Modu horretan, geroz eta ohikoagoa diren ideia faxista eta erreakzionarioen gorakada bizitzen ari gara.

Lan ideologikoari dagokionez, sareetan pertsonaia faxistek gero eta jarraitzaile gehiago dituzte, eta kaleetan ere areagotu egin da propaganda faxista. Esaterako, Zarautzen kaleetatik pegatina nazi asko kendu behar izan dira; Iturriotz bidean ere duela hilabete batzuk “etorkinak kanpora” zioten pintada ugari agertu ziren, lauburua ondoan jarrita; eta asteburuan, LGTB kolektiboaren aurkako pintada bat agertu da Zarautzen.

Euskal Herria ez da honen salbuespen; kartel, pegata eta pintadak aurki daitezke kaleetan. Gainera, ideia erreakzionarioak erabat zabaltzen eta normalizatzen ari dira gizartean, izan, indarkeria matxistaren ukapena, edo etorkinen aurkako kriminalizazioa. Krisi garaiotan faxistentzat testuinguru perfektua da gorrotoa zabaltzeko: pobreenei eta zapalduenei miseriaren errua botatzeko. Europa osoan ematen ari den prozesua da eta tendentzia faxista honekin batera, gerraren aldeko hautua egin dute Europako agintariek. Geroz eta gehiago dira soldaduska berrezartzeko asmoa erakutsi duten herrialdeak eta intensifikatzen ari dira aurrekontu militarrak zein estatuen militarizazioa (Estatu Espainiarrean PSOE gobernura iritsi denetik % 62,4 igo dira aurrekontu militarrak eta armagintza enpresen irabaziak 3.055 milioi eurokoak izan dira).

Argi dugu inperialisten arteko gerran langileok ez dugula ezer irabazteko, kontrara, proletargoa da austeritate politiken ondorio gordinenak jasaten dituena: zerbitzu publikoen murrizketak (hezkuntzan, osasungintzan, garraio publikoan…), autoritarismoaren gorakada eta bizitzaren garestitzea. Bestalde, argi izan behar dugu kapitalisten arteko gerra honetan gu izango garela gorpuak jarriko dituguna eta beraien poltsikoak beteko dituztenak.

Honen guztiaren aurrean mobilizatzeko deia egiten diogu Zumaiako gazte langileei. Gerraren normalizazioaren aurka eta ideia faxisten eta erreakzionarioen aurka kaleak hartuko ditugu urtarrilaren 25ean Bilbon. Euskal Herrian oraindik antolatu gabeko indarra da faxismoa eta horri horma bat jartzera goaz larunbatean. Argi helarazi behar diegu faxistei gure kaleetan ez daukatela lekurik!

Urola Kostako GKStik autobusak antolatu ditugu Bilbora joateko. Tiketak Nikol eta Txikixa tabernetan daude salgai. Batu mobilizaziora!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide